Eusko Jaurlaritzak Flyscharen ibilbideari eman dio Turismoko Euskadi Saria

2010/11/22

“Flyscharen ibilbideari egindako errekonozimenduan baloratu beharrekoa guztien arteko kolaborazioa da”, adierazi zuten Eusko Jaurlaritzako Turismo saria eman aurretik.

 

Flyscharen ibilbideak, Mutriku, Deba eta Zumaia arteko 12 kilometroko ibilbide ikusgarriak 2010eko Turismoko Euskadi Saria jaso zuen pasatu den azaroaren 17an. “Flyscharen ibilbideari egindako errekonozimenduan baloratu beharrekoa guztien arteko kolaborazioa da”, azaldu zuten arduradunek, saria eman aurretik.

Ekitaldi berean Cristina Iturriagagoitia, Geoparkeko koordinatzailea eta Gipuzkoako kostako zonalde horretako turismo bultzatzaile aktiboa, pozik agertu zen sariarekin: “Ilusio handia egin digu, taldean egindako lanari emandako saria baita; hiru Udalek, beren alkateek, beren turismo bulegoek eta enpresa pribatu batek, Begi Bistan-ek, osatutako taldeak egindako lana saritu dute”.

2002. urteaz geroztik elkarlanean ari dira, flyscha lur eta itsasoan barrena bisita kulturalen bidez sustatuz. Iturriagagoitiak elkarlana eta eskaintza turistiko zabalari eman zion garrantzia. “Esfortzu handia egin da, enpresa pribatuak ere esfortzu handia egin behar izan du, inbertitu eta flyscharen bisitariek gozatu ahal izateko beharrezko baliabide turistikoak sortzeko. Itsas ibilaldiak aparteko erakargarritasuna ematen dio. Gidak ondo formatuta daude, eta balore turistiko handia ematen dio ibilbideari horrek. Horretaz gain, oinezko eta autobusezko ibilaldiak ere badaude: bakoitzak nahi duena aukeratu ahal izateko aukera zabala. Baina itsas ibilaldiek balio erantsi garrantzitsua ematen dio ibilbideari”.
Geoparkearen proiektuaren garapena, “flyscharen deribatua, kolaborazio bikainetik dator eta zonaldeari bultzada turistikoa emateko beste urrats bat da. Kalitatezko turismo eskaintza hau saritua izateak indar eta ilusio handiagoa ematen digu Euskal kostaldeko geoparkearen alde lan egiteko, Europako Geoparkeen Sarean sartu berri baita”.