Eusko Jaurlaritzak Zumaiako Udalari esleitu dio estazio zaharra eta honekin ateak zabaltzen zaizkio bertan turismo bulegoa eta Algorri interpretazio zentroari lotutako espazio bat kokatzeko aukerari

2018/12/27

Estazio zaharra eraikin babestua da, historikoa eta bere kokapena paregabe da, Zumaiako Udalarentzat eta zumaiarrentzat eraikin oso baliotsua, beraz. Iraila erdialdera, Eusko Jaurlaritzak, esleipen zuzena baimendu zuen 161.554 euroko tasazio balioaren truke.

Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburua den Pedro Azpiazuk, ofizialki gaur entregatu dio Zumaiako alkatea den Oier Kortari, estazio zaharra eraikinaren jabetza eskualdatze prozedura amaitu eta gero. Iraila erdi aldera onartu zuen Sailburuak tasazioak ezarritako 161.554 euroren truke eraikina esleipen zuzen bidez besterentzea.

Aipatu eraikina Mendaro Marinela kalearen 10. zenbakian dago eta 3 solairuko eraikin nagusi batek eta ondoko solairu bakarreko eraikinak osatzen dute. Eraikina ekipamendu bezala sailkatua dago eta udal ondare katalogoak kultura eta natura intereseko eraikin gisa jasotzen du.

Euskal Erkidegoko Administrazioak 1985 eskuratu zituen Zumarraga-Zumaia bigarren mailako trenbide sarea -Urolako trena bezala ezagutu dena- osatzen zuten orubeak eta bertan aurkitzen ziren eraikinak. 1989. urtean trenbidearen ustiaketa eten zenetik, Zumaia-Portua estazio zaharra Zumaiako Osasun Zentroa bilakatu zen, 2012an egungo kokapenera lekualdatu zen arte. Geroztik, Administrazio honen ondarean mantendu da, aurreikusitako erabilerarik gabeko ondare ondasun izaerarekin.

Azpiazu Sailburuak adierazi duenez, jabetza aldaketa honen helburuaren arrazoiak instalazio publikoen erabilera erakunde desberdinen interesetarako erabili beharrean kokatzen da, kontuan izanik, jatorria, ematen zaien erabilera eta herritarren onura. “Ziur naiz, Zumaiako udalerriak ezin egokiago ustiatuko duela estazio zahar hau eta espero dut, aurrerantzean hartuko dituen zerbitzu publikoek Zumaiako herritarrei, nahiz ingurukoei onurak ekarriko dizkiela”.

Oier Korta, Zumaiako alkateak hitz batzuk egin nahi izan ditu gaiaren garrantzia aintzat hartuta. “Zumaiarron aspaldiko nahi bat gauzatu da azkenean. Eraikin honekiko interesa ez da agintaldi honetan hasi, atzetik datorren kontu bat da, baina, azkenik, gauzatzeko aukera izan dugu. Izan ere, Estazio zaharra eraikin babestua da, historikoa eta bere kokapena paregabea da. Zumaiako Udalarentzat eta zumaiarrontzat eraikin oso baliotsua, beraz. Eraikina eskuratzeko elkarrizketak hasi genituenean, balorazio bat zegoen mahai gainean, baina tasazio berri bat egitea adostu genuen Eusko Jaurlaritzarekin eta tasazio horrek nahiko jaitsi zuen prezioa, 161.554 eurotan ezarri baitzuen. Bi aldeoi zentzuzkoa iruditu zitzaigun tasazio berriak ezarritako prezioa eta, egia esan, oso errazak izan dira Eusko Jaurlaritzarekin izan ditugun elkarrizketak, beraien aldetik ere argi ikusten baitzen eraikin horrek zumaiarrona izan behar zuela” adierazi du Oier Kortak

Eraikinaren erabileraren inguruan, Kortak udal gobernuak duen asmoaren inguruko argibideak eman ditu “Turismo bulegoa eta Algorri interpretazio zentroaren osagarria jartzeko erabiltzeak, lotura estua duten bi zerbitzu eraikin berean biltzeaz gain, gaur egun horiek duten kokapena ere nabarmen hobetuko luke. Eraikina erdigunean dago eta erraz identifikatzeko modukoa da gainera, horregatik, kanpoko bisitariei gure herria eta gure ondare geologikoa ezagutzera emateko ezin aproposagoa dela uste dugu. Edonola ere, Algorrik irakaskuntzan duen pisua aintzat hartuta, gure planteamendua da hori mantendu eta eraikin berrian bereziki bisitariei gure ondare geologiko hori ezagutarazteko zerbitzu osagarria jartzea”.

Udal gobernuak proposatzen duen erabilera honi lotuta, Kortak iraganean egin zen apustuari segida emateko intentzioa azpimarratu du “Hamarkada bat baino gehiago pasa da Zumaiak bere ondare naturala ezagutzera emateko apustua egin zuela. 2005ean zabaldu zen Algorri interpretazio zentroak Algorri ingurua eta flyscha munduko mapan jarri zituen. Geroztik etorri dira biotopo babestu izendapena 2009an,  Geoparkearen sorrera 2010ean eta 2015ean UNESCOren munduko Geoparke sarean sartzea. Egun inork zalantzan jartzen ez dituen proiektu horien aurka azaldu ziren batzuk, beste batzuk, aldiz, beti egon gara alde. Koherentziaz heltzen diogu, beraz, momentu hartako udal gobernuak zabaldu zuen bideari. Gure herrian zerbitzuen sektoreak pisua du, bai ekonomian, baita enpleguan ere, eta horri eusteko ezinbestekoa da  2005ean zabaldutako bide horri segida ematea”.

Amaitzeko, alkateak eskerrak eman nahi izan dizkio Eusko Jaurlaritzari “eskerrak eman nahi nizkioke Eusko Jaurlaritzari eta, bereziki, Azpiazu sailburuari, prozesu honetan erakutsitako jarrerarengatik. Uste dut bi aldeek bat egin dugula helburuan eta herriaren eta herritarren onura bilatu dugula. Orain guri dagokigu eraikina ahalik eta egokien kudeatzea eta guztiok helburu izan dugun hori gauzatzea”.