Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak IES Zumaia BHI ikastetxea handitzeko eraikin berria egiteko proiektua abiarazi du

2018/06/19

Sagarbideko frontoiaren estaldura egitea ere jasotzen dute gaur bertan argitaratu diren gauzatze proiektua, lan osagarriak eta zuzendaritza fakultatiboa esleitzeko oinarri teknikoen pleguek. Prozedurak oraindik luze joko badu ere, Udal Gobernuaren negoziaketen ondorioz, Hezkuntza Sailak, Herri Eskola handitzeaz gain, Sagarbideko frontoia estaltzeko hartutako konpromisoa betetzeko lehen pausoa eman da.

Gaur bertan argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak IES Zumaia BHI ikastetxea handitzeko eraikin berria egiteko gauzatze proiektua, lan osagarriak eta zuzendaritza fakultatiboa esleitzeko oinarri teknikoen pleguak eta horietan, aipatu ikastetxea 10 gela handitzeko eraikina jasotzeaz gain, Sagarbideko frontoiaren estaldura egitea ere jasota dago.

Esleipen honetarako proposamenak uztailaren 13a bitarte aurkeztu daitezke. Kontratu honek jasotako lanak burutu ondoren, eraikina bera egiteko  lanak esleitu eta gauzatu beharko dira, ez da prozedura laburra izango, baina prozedura abiatzeak, lan hauek burutzeko konpromisoa berresten du.

Hezkuntza Sailak lan guztiak amaitzen dituenean, Zumaiak dituen bi beharrei erantzuna emango zaie. Batetik, urte hauetan zehar Zumaiak izan duen hazkundearen eraginez, Herri Eskolak duen espazio faltari irtenbidea emango dion eraikina eraikiko da eta, bestetik, Zumaiak bere eskura izango du udalerriaren beharrak asebeteko dituen espazio estalia, Zumaiako handiena, euriarengandik eta haizearengandik babestua eta partida ofizial eta ekitaldi anitz antolatzeko aukera emango diona.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak guztira 5 miloi inguru inbertituko ditu proiektu honetan eta, esan bezala, lan hauen barruan eraikiko da, baita ere, 700.000 euroko inguruko kostua izango duen Sagarbideko frontoiaren estaldura. Kostu horiek guztiak Eusko Jaurlaritzak finantzatuko ditu, Udal Gobernuaren negoziaketen ondorioz Hezkuntza Sailak eta Udalak adostu bezala.