Familientzako irteera antolatu du Ludotekak ekainaren 6rako
Basondora joango dira eta hainbat ekimen egingo dituzte han.
Zumaiako Ludoteka egitasmo berri ugari antolatzen ari da azken aldian eta orain ere irteera berri baten berri ematera datoz. Familia osoarentzako irteera izango da eta ekainaren 6an egingo dute. Ludotekako arduradunek azaldu dutenez, Basondora joango dira (Bizkaia) eta egun-pasa egingo dute han.
Fauna mehatxatuarentzako babeslekua da Basondo eta 60.000 metro ditu baso-zelaitan. Inguruko basabere espezie nagusiak zaintzen dituzte bertan: basurdeak, orkatzak, azeriak, basakatuak, katajineta, igaraba, hegazti harrapari eta migratzaileak, narraztiak… eta horiez gain, gure inguruan galduak dauden beste espezie batzuk ere badaude: otsoak, katamotza edo bisonte europarra, esate baterako. Santimamiñeko kobak ere eremu honetan daude.
Ludotekako haurrek eta beren gurasoek bisita egingo dute inguruko faunaren babesleku den eremu honetara. Horrez gain, taldekako jolasak ere egingo dituzte.
Izen-ematea
Plazak mugatuak izango direla jakitera eman dute antolatzaileek eta izen-ematea ostiralera bitartean egongo da zabalik. Haurrek 10 euro ordaindu beharko dituzte, eta helduek 15. Izena Ludotekan bertan eman daiteke. Bazkaria, berriz, norberak eraman beharko du ibilaldiaren egunean.



