Festetako zenbait ohar
Bihar hasiko dira santelmoak, eta Zumaiako Udalak hainbat ohar plazaratu nahi ditu festen inguruan.
Autobus zerbitzua
Gaurtik hilaren 15a bitartean, herri barruan ez dute geldialdirik egingo autobusek. Izan ere, arranpla inguruan txosna gunea jarriko da, eta beraz, autobusak buelta emateko lekurik ez da izango. Beraz, Pantxita Etxezarreta kalean egingo dira geldialdi guztiak.
Liburutegia
Festak direla eta, liburua itxita izango da datorren larunbatean eta astelehenean. Hau da, hilaren 6 eta 8an ez da irekita izango liburutegia.
Eguraldiari begira
Giro nahasia dago iragarrita astebururako. Hori horrela, gogoratu larunbata eguerdian euria ari badu, Musika Eskolako haurren euskal dantzen ikuskizuna Ondartxo plazan izan beharrean, Aita Mari aretoan izango da.
Igandeko haurren danborrada garaian ere eguraldiak ez badu laguntzen, ekitaldi hori atzeratu egingo da, eta igande honetan izan beharrean, hilaren 13ra atzeratuko da.
Larunbateko Herri Bazkaria, Beheko plazan
Hilaren 6an antolatuta dagoen Herri Bazkaria txosna gunean dela jartzen badu egitarauan ere, Beheko Plazan egingo da.
Txartelak salgai
Biharko bertso saiorako txartelak salgai daude Inpernupe eta Turismo bulegoan oraindik. Turismo bulegoan, daude baita ere hilaren 14ko Hipo eta Tomax haur antzerkirako sarrerak salgai.
Argazki lehiaketa eta tailerrak
Jakintza elkarteak antolatuta, Haurren danborradaren argazki lehiaketa egingo da aurtengoan ere. Beraz, argazkilaritza gustuko baduzu, eta lehiaketan parte hartu nahi baduzu, apirilaren 8tik 18ra bitartean aurkez ditzakezu zure lanak jakintzaberri@hotmail.com helbidera bidalita. Gehienez hiru argazki aurkez daitezke pertsonako.
Algorri interpretazio zentroak, berriz, haurrentzat doako tailerrak antolatu ditu datorren larunbaterako, hilaren 6rako. 6-12urte bitarteko haurrei zuzendutako tailerrak dira, eta Zumaiako flyschean aurki daitezkeen bizitza-aztarnak aztertu eta eskulanen bidez fosilen erreplikak egiteko aukera izango dute, goizeko 11:00etatik 13:00etara bitartean. Tailerrean parte hartu nahi dutenek, aurrez izena eman beharko dute (algorri@zumaia.net edo 943 143100).



