"Flashback Paradies" erakusketa ikusgai Alondegiko Oxford aretoan

2018/10/26

Christiane von Enzberg-en argazki erakusketa ikusgai egongo da urriaren 26tik azaroaren 11 arte, egunero 18:00-20:00. Irekiera gaur izango da arratsaldeko 19:00etan.

Gaur arratsaldeko 19:00etan Christiane von Enzberg argazkilariaren "Flashback Paradies" erakusketa berria zabalduko da Alondegiko Oxford aretoan.

Argazkiz osaturiko erakusketa honetan gizakiak hartzen du arretaren erdigunea. Christiane von Enzberg Alemaniako Danubio haranean jaioa da eta gaur egun Bartzelonan bizi da. Haren ibilbidea zabal aintzatetsi dute nazioarteko aldizkarietan, haietako askotan argitaratu ditu lanak, eta  ezaguna da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan ere, argazkilaritza irakasle dabilelako maila gorenean.

Haren erretratuek eta irudi eszenikoek gainditu egiten dute irudiaren planoa eta azalaren azpian barneratzen dira, ezkutuko geruzak harrigarriki agerraraziz, baina beti sentiberatasunez, berezitasuna azpimarratuz.  Christiane von Enzberg-ek enpatiaz eta behaketa zorrotzez harrapatu ahal izaten ditu erretratatuei “maskarak” erortzen zaizkien ahultasun une ederrak eta intimoak. “Hautnah!” (Azalean) argazki seriean hondartzan dauden pertsonak erakusten ditu, kamerak agerian uzten ditu gertutasuna eta bereizketa, haien nahiak eta idiosinkrasia. Eszena horietako bakoitzak harremanetan jartzen du gizakia bere historia pertsonalarekin eta inguruko paisaia sentsorialarekin, horrela paradisua birkokatzearen gaia planteatzeko: Eta espazioak garrantzi gutxiago balu izate beraren sotiltasunak baino?

Haren ikuste lengoaia poetikoa da, baina batzuetan lirismo horren aurka egiten du, zintzotasun zarpailez betetako argazkiak erakutsita; horrelakoetan, agerian geratzen da egia, eta ikuslea txundituta geratzen da ezinbestean.

Izan ere, Christiane von Enzberg-en irudietan ez dugu aurkituko erantzun espliziturik; aitzitik, marko bat eskaintzen dute, eta hartan galdera gehiago sortzen dira, eztabaida gehiago.