'Flysch, Haitzen Hitza' dokumentala aurkeztu zuten atzo (osteguna) Kursaalean

2009/12/18

Zumaiako itsaslabarrari buruzko ikus-entzunekoa abenduaren 30ean aurkeztuko dute Zumaian. Udalak dokumentalaren finantziazioan lagundu du.

 

Atzo (abenduak 17, osteguna) Flysch Haitzen Hitza dokumentala aurkeztu zuten Donostiako Kursaalean. 300 pertsona inguru elkartu ziren aurkezpen ekitaldian eta ikus-entzunekoak harrera ona izan zuen han bildutakoen artean, horren adierazgarri dokumentala bukatu ondorenean entzun zen txalo zaparrada. Atzoko emanaldira joateko, ordea, gonbidapena behar zen, baina zumaiarrei ere aurkeztuko diete dokumentala hilaren bukaeran. Bi saio eskainiko dituzte gainera, biak abenduaren 30ean. Lehena 19:30ean izango da eta bigarrena 22:00etan.

Bi emanaldiak Aita Mari zineman eskainiko dituzte eta sarrera doakoa izango den arren, lehenengo emanaldirako turismo bulegoan eskuratu beharko dira sarrerak ondorengo egunetan eta ordutegian: abenduaren 26, 27, 29 eta 30ean, 11:00etatik 13:00etara. Bakoitzak gehienez lau sarrera hartu ahal izango ditu. 22:00etako emanaldirako, berriz, sarrera libre izango da, aretoa bete arte.

 

Itsaslabarra informazio-iturri

Asier Hilario geologoak eta Alberto Gorritiberea zinegileak zuzendu dute dokumentala eta Zumaiako Udalak finantziazioan lagundu du. Egileek, lurraren historiaren bilakaera aztertu dute eta gizakiak aurrean dituen erronkei buruzko hausnarketa egin nahi izan dute lan honetan. Hausnarketa, baina, Zumaiako itsaslabarretan jasota dagoen informaziotik abiatuta egin da.

Dokumentalaren egileek honela deskribatu dute dokumentalaren mamia: "Zumaiako labarretan, gure planetako bizitzaren norabidea aldatu zuten pasarteak irakur eta interpreta daitezke: aldaketa magnetikoak, itsas mailaren gorabeherak, berotze handi bat eta bioaniztasunari gogor erasan zion meteorito batek talka. Espezieak joan eta etorri egiten dira, ingurura egokitu edo migratu, eta batzutan desagertu ere bai... Geologiak bizitza ezegonkorra izan dela erakusten digu, eta gaur arte ikusitako haainbat gertaera, ziurtasun osoz, beste noizbait ere errepikatuko direla. Zumaiako labarretan aztergai dauden gertaerei biziraungo ote lieke gure espezieak?".

Herritarrek, beraz, abenduaren 30ean izango dute dokumentala ikusteko aukera, Zumaian bertan.

Dokumentalaren trailerra baleike.com-en ikusi dezakezu.