Frontoia eraikitzeko bidean, azken urratsak
Datorren asteko plenoak mahai teknikoak ontzat emandako Sukia SA enpresaren eskaintza onartzen bada, frontoaia laster izango du Zumaiak.
Ez da ez motza eta ez erraza izan Zumaiako Frontoi estaliaren gaia, baina azkenean, badirudi dena ondo bidean dela. Mahai teknikoak eskaintza egokia dela ondorioztatu du Sukia S.A enpresak aurkeztu duena, eta plenoak eskaintza hori onartzea besterik ez da falta. Behin plenoak eskaintza hori onartzen duenean, frontoia lanak gauzatzea besterik ez da geldituko. Andoni Etxaniz Hirigintza batzordeburuak esan bezala, "partida luzea eta gogorra izan da, baina azkenean irabazi dugu".
Frontoiak 700 ikusletik gora hartuko ditu zesta-puntako pilota partiduetan. Bestelako ikuskizun batzuetarako ere erabiliko da frontoia. Hala nola, bertsolariak, pailazoak… eta ikuskizun horietan 900 ikusle ingururentzat izango da lekua. Frontoia egiterakoan, harreman zuzena izan du Udalak ondoren erabiltzaile izango direnekin: "Herrian pilotaren munduan dabiltzanekin zehaztu ditugu kantxaren eta joko eremuaren luzera, zabalera, altuera eta materialak. Hau da, ondoren frontoiaren erabiltzaile izango direnen eskaerei erantzun diegu", azaldu du Etxanizek.
Frontoia bai, baina ez edozein preziotan
"Frontoi ederra egitera goaz, baian frontoia egiterako orduan ere ez dugu gure etxebizitza politika hipotekatu nahi izan", gaineratu du Etxanizek. Frontoia egitearekin batera, Ardantzabin Udalak dituen partzeletan etxebizitza babestuak egingo dira. Hau da, Ardantzabide partzela horien truke egingo da frontoia. Baina partzela horietan etxebizitza babestuak egingo ditu enpresa eraikitzaileak.
Guztira 38 etxebizitza egingo dira: 32 tasatu munizipal eta 6 Babes Ofizialeko. Etxebizitza horiek eskuratzeko lehentasuna izango dute zumaiarrek. Zumaiarrentzat baitira frontoia eta babestutako etxeak.



