Frontoia eraikitzeko proiektua aurrera doa
Zumaiak beharrezkoa duen frontoia 2011 urte hasieran eraikitzen hastea espero du Udalak.
Zumaiak badu frontoia egiteko aurreproiektua. Aurreko astean onartu zen udalbatzarrean, eta dagoeneko frontoiaren erabiltzaileek ere badute proiektu honen berri, "eta proiektua gustatu zaie", azaldu du Andoni Etxaniz Hirigintza zinegotziak. Gauzak ondo bidean, urte bukaerarako merkatuan jarriko da Udalak Ardantzabiden duen partzela, eta 2011. urtean frontoiaren obrak egiten hasiko direla aurreikusten da. Izan ere, eraikuntza enpresa batzuk lur horretan duten interesa azaldu die Udalari. Lur hori eskuratzen duenak ordainetan, frontoia eraiki beharko du.
Partzela eskuratzen duenak frontoia egiten hasi beharko du lehenengo, frontoiaren obrak hasi ondoren emango baitu Udalak ondoko etxebizitzak egiten hasteko lizentzia. Horrela, lehen gertatutakoa ekidin nahi da: "Frontoia egiten hasita egon beharko dute etxebizitzak eraikitzeko baimena jasotzeko, eta frontoia bukatutakoan emango zaie etxeetako erabilera baimena", argitu du Etxanizek. Udalak aurreikusten duenaren arabera, frontoia eraikitzeko 14 hilabete behar dira. Aldamenean egin beharreko etxeak eraikitzeko, berriz, bi urte inguru beharko dira.
Diru kontuei dagokienez, frontoia lursailarekin ordainduko dute: "Frontoi berriak 3,2 milioi euroko kostua izango du, eta Udalak uste du lursail horrek ematen duela hori ordaintzeko", azaldu du Etxanizek. Salbidek bere garaian hitzartua zuen frontoia ezin izan zuen eraiki, eta akordio baten bidez lur-sail bat eman zion Udalari. Lur eremu horretan Udalak babes ofizialeko eta tasatutako etxeak egingo ditu.
Proiektuaren aldaketak
Frontoiaren proiektuak aldaketak izan ditu. Lehen 980 ikuslerentzako frontoia egitea bazen helburua, gaur egungo proiektuaren arabera, 600-650 lagunentzako frontoia izango da. Beraz, lehen Euskal Herriko bigarren frontoirik egitea pentsatzen bazen ere, ez da horrela izango: "Zumaiaren premien araberako frontoia egin nahi dugu", dio Etxanizek. Frontoi horrekin, gainera, Zumaian etxe tasatu eta babes ofizialeko gehiago izatea lortuko da. Frontoiaren tamaina aldatu da, baina baita kokapena ere. Brankako eraikina eta Otezuriko egoitzaren artean aurreikusten zen frontoia egitea aurreko proiektua, errepide aldera, eta frontisa hegoaldean. Proiektu berrian, aldiz, Herri Eskolaren parean egingo da eraikina, eta frontisa iparraldean. "Horrela, frontoiaren ezker horma Herri Eskolaren muga izango da, eta etorkizunean erabileraren bat eman izan dezake", azaldu du.



