Gabonetako argiak larunbatetik aurrera piztuta

2014/12/05

Gabonak datozela eta, hainbat ekimen antolatu dituzte elkarlanean Udalak eta merkatari elkarteak. Besteak beste, iaz bezala, opari txartelak eskuratzeko aukera izango da.

Gero eta gutxiago falta da Gabonak heltzeko. Hori dela eta, herria girotu asmoz, gabonetako argiak jarri dira Zumaian. Argiak abenduaren 6etik, larunbatetik, piztuta izango dira, egunero.

 

Argiak, Udalak eta merkatari elkarteak elkarlanean jarri dituzte, eta aipatzekoa da, aurten, lehen aldiz, argiak jartzeko egingo den gastua ere erdibana ordainduko dutela. 

 

Opari txartelak

Argiez gain, ordea, beste hainbat ekimen ere jarriko dira abian gabonetara begira. Aurten, bigarren urtez, opari txartelak jarriko dira salgai. Opari txartelak 40 euroko kostua du, eta erosleak 50 euro ditu gastatzeko (25 euroko bi txartel eskuratzen ditu).  Iazko arrakasta ikusita, eta herritar asko txartelik gabe geratu zirela jakinda, txartel gehiago jarriko dira salgai bakoitzean egiten den deskontua murriztuz. Hau da, herritar kopuru handiagoa izango da onuraduna (100 gehiago), baina bakoitzari iaz baino deskontu txikiagoa aplikatuko zaio (5 euro gutxiago). Txartelak, abenduaren 5etik aurrera turismo bulegoan izango dira salgai (ordutegia: astelehena itxita; asteartetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta  larunbat eta igandetan 10:00eatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara). Pertsona bakoitzak txartel bakarra erosteko aukera izango du.

 

Merkatarien beste hainbat ekimen

Beste hainbat ekimenen artean, dendak ere apainduko dituzte merkatariek. Hala, hainbat merkatarik egin berri duten ikastaroan ikasitakoa praktikan jartzeko unea heldu zaie; aurten ere  erakuslehio lehiaketa egingo baita.

 

Urtea bukatzeko, abenduaren 31n Biko Lasterketa izango da. Urtea kirola eginez eta giro onean bukatzea izango da helburu. Urte Zahar eguerdian izango da hori, eta lasterketako sarien banaketarekin batera, azken urteotan bezala, erakusleiho lehiaketako sariak ere banatuko dira.

 

Elkar hartuta

Ekimen guzti horietaz gain, aurten merkatari elkarteko dendak bat egin dute beste ekimen batean ere. Hala, irudi bakar bat duten paperezko poltsak banatuko dituzte gabonetan; denda guztietan berdinak.