Gabonetako zenbait ekitaldiren antolakuntzan parte hartzeko deia herritar eta elkarteei

2018/11/30

Herritarren eta elkarteen laguntza ezinbestekoa da jaiotza prestatzeko, erregeen eskutitzak jasotzeko eta hilaren 5ean herria zeharkatuko duen kabalgata antolatzeko. Hori dela eta, bilera ireki bat antolatu du abenduaren 4ean, 19:00etan, Alondegian, gaia lantzeko.

Gabonak gainean ditugu eta hasita gaude lanean egun horietan hain bereziak diren ekitaldiak ospatu ahal izateko. Horretan dabiltza udalaren zenbait alor, eta baita herriko hainbat boluntario ere. Baina egunak iritsi ahala lan handia dator, eta ezinbestekoa zaigu herritarren eta elkarteen laguntza: jaiotza prestatzen, erregeen eskutitzak jasotzeko ekitaldian, eta bereziena, hilaren 5ean herria zeharkatuko duen kabalgatan. Kabalgata egunak jendetza mugitzen du haurren gozamenaren inguruan, eta guztia txukun eta segurtasunez egin beharra dago, are gehiago haurrak tartean egonda.

Elkarteen kasuan Udalak parte hartuko duten elkarteentzat ordainsari bat ere badu, izan ere kultur edo kirol elkarteen jarduerek ere sarritan diru sarrera extra baten premia izaten baitute. Orain arte elkarte bakarra izan da Gabonetako ekitaldien koordinazioan lagundu duena, baina aurten lana bi elkarteren artean banatzea litzateke asmoa: talde bakoitzak 20 bat pertsona jarri beharko ditu; kopuru horretara iristen den elkarteek izango dute lehentasuna baina talde txikiagoren batek interesa balu, jarri Kultura sailarekin harremanetan. Erabakia hartzeko ezinbestekoa baduzue informazio gehiago jarri Kultura sailarekin harremanetan eta xehetasunak emango zaizkizue.  

Guzti honetaz hitz egiteko bilera batera deitzen zaituztegu:

  • Asteartea, hilak 4  19:00etan Alondegian

Eta edozein zalantza argitzeko kultur etxera ere jo dezakezue: kultura@zumaia.eus / 943861056

Ea guztion artean aurtengo Gabonak ere borobilak prestatzen ditugun.