Gaikako bilketa hobeto egiteko pauso bat gehiago laster, Zumaian
Edukiontzi bidezko gaikako bilketan hobekuntzak egingo dira gaikako bilketa tasa, eta, hala, birziklapen tasak handitzeko.
Hondakinei lotuta, bi albiste emateko bildu ziren Gipuzkoako Hondakinen kontsortzioko, Udal Elkarteko eta eskualdeko udal ordezkariak, hedabideekin ostiralean.
Alde batetik, Urtetako zabortegiaren itxieraren inguruko azalpenak emateko, eta bestetik hondakinen bilketa sistemaren inguruan hartuko diren neurrien inguruko aurrerapen bat emateko. Agerraldian izan dira Ainhoa Intxaurrandieta, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidentea, Juan Luis Illarramendi, Zarauzko alkatea, Mikel Goenaga Zarauzko zinegotzia, Iñaki Agirrezabalaga, Zumaiako alkatea, Maitane Agirre Zumaiako zinegotzia eta Amaia Guruzeta, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria.
Luze eta zabal jardun ziren udal ordezkariak eta komunikabideetako kazetariak hondakinen kudeaketaz. Laburbilduta, bi nagusi izan dituzte hizpide: Urteta zabortegiaren itxiera eta hondakinak gaika jasotzeko sistema.
Zabortegia itxi
Gipuzkoako ahaldun nagusi Garitano jaunak adierazi moduan, abenduaren 23an isuriko dira hondakinak azkenekoz Urteta zabortegian. "Albiste oso ona da eta lan askoren ondoren etorri da erabaki hori", udal elkarteko lehendakari den Amai Gurutzetaren hitzetan.
Ainhoa Intxaurrandieta, GKHko presidenteak azaldu zuenez, "data horretatik aurrera ez da hondakin gramo bat gehiago isuriko. Hori posible da Gipuzkoan birziklatzeko eta hondakinak gaika jasotzeko ahalegin handia egin delako, bereziki udalerri batzuetan. Horregatik da posible zabortegia ixtea. Lapatx eta Sasietako zabortegiak ixteko datak ere jarrita daude. Eredu baten amaiera da hau, mendi-zuloak hondakinez betetzeko ereduaren amaiera. Zabortegi honek 40 urtetik gora ditu; orain itxi, zigilatzeko obrak, gero 30 urtez mantentzeko lanak egin behar dira; eredu honek ez du zentzurik, kutsakorra da... Hori ez da gure eredua. Legegintzaldi hasieran adierazi genuen eredua aldatu egingo genuela eta hona: Urteta zabortegia itxi egingo da".
Hondakinen bilketa, azken urteotako bilakaera
Amaia Guruzeta Udal Elkarteko lehendakariak gogoratu zuen, Udal Elkarteak eta udalek ahalegin handia egin dutela hondakinen arazoari aurre egiteko (sentsibilizazio kanpainak, zerbitzuak optimizatu, 5. edukiontziaren bilketa indartu, konposta sustatzeko ekimenak, garbiguneak, birziklatzeko etxolak Aia eta Getarian, Urtetako sailkapen planta…). "Eskualdeko birziklatze tasa 2010etik 2013ra hamar puntu igo da (%33tik %44ra), zerbitzuak optimizatu eta indartuz", esan zuen.
Hondakinen bilketa: eskualdeko egitasmoa
Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak, eskualdeko hondakinen bilketa sistemaren inguruan hitz egiteko hartu zuen hitza: "Gogoeta orokor honetatik abiatu gara: ezin da jarraitu horrela hondakinak biltzen, ezin da jarraitu %30eko birziklatze tasekin. Eskualdeko hondakinen mahaiek (Zarauzkoak, Zumaiakoak) antzeko gogoetak egin eta ondorio beretsuak atera dituzte. Horrekin batera, garbi dugu egokiena bilketa mankomunatua dela, hau da eskualdeko ikuspegiarekin egina. Hortik abiatuta, etengabe hobetuko den edukiontzien bidezko sistema bat jarriko dugu eskualdean, oraingoaren jarraipena izango dena, baina kontrola zorrotzagoa izango duena (batez ere errefusaren eta organikoa ondo bereiztea lortzeko)"
Lehendabizi Zumaian jarriko da sistema hori, urtea amaitu aurretik, eta ondoren Zarautzen. "Zumaiako proba pilotu gisa ikusten dugu, gero beste udalerrietara zabaltzeko. Ez da beraz aldaketa traumatikorik izango, izan ere, helburua da naturaltasunez hobetzea etengabe bilketa sistema, %70-80 birziklatzeko helburuareki", gaineratu zuen Agirrezabalagak.
Xehetasunak aurrerago azalduko dira, baina oro har, honetan datza sistema: edukiontzi sistema, errefusa eta organikoa kontrolatuta, ekoizle handiei zuenean jasota (merkataritza eta ostalaritza)...
Mikel Goenagak azaldu zuenez, "garrantzitsua da bidea traumatikoa ez izatea, naturaltasunez garatzea, herritarren iritzia entzutea... eta hori egin dugu. Hondakinen mahaietan adostutako helburu eta gogoeta nagusiak eskualde mailan garatuko ditugu. Orain dugun sistemarekin %40 birziklatze tasan gabiltza, baina hobetuta, herritarrak sentsibilizatuta, hori nabarmen igotzea lor dezakegu. Gaur errefusa udalek biltzen dugu, gaikako bilketak Udal Elkarteak. Egitasmo honetan errefusa ere Udal Elkarteak bilduko du".
Amaia Guruzeta Udal Elkarteko lehendakariak azaldu zuenez, laster lantalde bat sortuko dute udal agintari eta teknikariekin, etengabeko hobekuntza prozesuari jarraipena egiteko. Lantalde horrek emango ditu ezagutzera Zumaian jarriko den sistemaren ezaugarri eta xehetasun guztiak. Zabortegia ixteak beste inpultso bat dakar hondakinen kudeaketan, etengabeko hobekuntzan oinarritutako sistema, mahai politiko eta teknikoa eta horren motorra Udal Elkartea izango da.



