GAME OF THRONES TELESAILAREN GRABAKETA EGUNETARAKO AZKEN NEURRIAK HARTZEN ARI DA UDALA

2016/10/18

Larretxoko bizilagunei auzora ibilgailuarekin sartu ahal izateko txartela banatuko zaie, eta Itzurungo eremua balizatu egingo da herritarren zein bisitarien segurtasuna bermatzeko.

Era berean, Itzurun hondartza ostiralean itxiko da, hilak 21, azken orduko lanak egin ahal izateko

Game of Thrones telesailaren grabaketa egunen atarian herritarren irisgarritasuna, mugikortasuna eta segurtasuna bermatzeko azken neurriak hartzen ari da Zumaiako Udala.

Grabaketa lanak datorren astean egingo dira, urriaren 24tik 29ra bitarte hain zuzen, eta egunotan, zumaiarrez gain, ikusmiran datozen beste hainbat bisitari espero dira herrian, bereziki Itzurun eta Larretxo auzo inguruan.

Horiek horrela, Larretxoko bizilagunen irisgarritasuna lehenetsi eta bermatze aldera, gaurtik aurrera txartel edo biñeta moduko bat banatuko zaie auzotarrei bertara ibilgailuarekin sartu ahal izateko. Txartela udaletxean bertan jaso ahal izango dute goizeko 07:30etik 14:30era bitarte; arratsaldean, aldiz, Udaltzaingoan 17:00etatik 19:00etara.

Era berean, grabaketa egunetarako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak hondartza ingurua eta bertako itsaslabar eta amildegiak balizatuko dituzte, grabaketa lanak ikustera hurbiltzen diren bisitarie zein herritar guztien segurtasuna bermatzeko.

Itzurun hondartza urriaren 21ean itxiko da

Halaber, Itzurungo eremua datorren ostiralean, hilak 21, itxiko da, ekoiztetxeak hala eskatuta, azken orduko lanak egin ahal izateko. Hondartzarako sarbidea itxita egongo da hilaren 29ra bitartean, grabaketa lanak amaitu arte, alegia.