Garagardo azokak girotuko du asteburuan Zumaia
Arranplan kokatu duten karpak gaur, osteguna, zabalduko ditu ateak eta igandera bitartean festa izango da nagusi. Egunero, kontzertuak izango dira 23:00etan hasita eta autobus zerbitzu bereziak eskainiko dituzte Azkoitia eta Zarauzko lineetan.
Garagardoa eta festa izango dira protagonista asteburu honetan Zumaian. Gaur, osteguna, hasiko da Zumaiako I. Garagardo Azoka eta igandera arte iraungo du. Egunero musika zuzenean entzuteko aukera izango da eta bederatzi gagardo mota dastatu ahalko dira. Janaria ere banatuko dute.
Gaur iluntzean hasiko da festa. 20:00etatik aurrera, Patxaranga perkusio taldearen kalejirak herriko kaleak animatuko ditu. Gauean, berriz, Marta eta Oscar musikariek rantxerak abestuko dituzte portuan muntatu duten karpan.
Igandera bitartean, egunero izango dira kontzertuak. Ostiralean, adibidez, Urarte taldearen triki berbenak alaituko du gaua. Larunbatean ere triki berbena izango da protagonista Fun & Go taldearen eskutik eta igandean, Neurona Alarguna taldeak rock bertsioak eskainiko ditu. Kontzertu guztiak 23:00etan hasiko dira.
Zumaiako Pulpo eskubaloi taldekoak ariko dira lau egun hauetan lanean karpan. Zarauzko Rugby elkarteko kideek lagundu diete azpiegitura guztia muntatzen eta Zumaiako Udaleko Turismo Saila ere antolatzaileetako bat da.
Autobus zerbitzu bereziak
Garagardo azokatik inguruko herrietara itzultzeko autobus zerbitzu bereziak jarri dituzte. Hala, ostiralean eta igandean honako ordutegiak eskainiko dituzte lehengoez gain:
2:30: Zumaia – Zarautz.
3:00: Zumaia – Azkoitia.
5:00: Zumaia – Zarautz.
5:30: Zumaia – Azkoitia.



