Gaueko zaindariak
Sereno edo gauzainaren inguruan aritu gara oraingoan
Galdurik dagoen lanbide baten inguruan jardungo dugu gaurkoan, sereno edo gauzainaren inguruan hain zuzen. Elektrizitaterik ez zegoenean, gauetan segurtasuna bermatu ahal izateko, kalea argiztatzen zuten argiontziak zaintzea beharrezkoa suertatzen zen. Apurka, ordea, gauetan argiztapena zaintzeaz gain beste behar batzuk sortu ziren. Farolariek serenoei bidea zabaldu zieten, postuaren aurrekariak izan zirela esan daiteke. Udal langile mota hau XVIII. mendean sortu zen.
Serenoak edo gauzainak gaueko aguazilak ziren. Horrela, gauean kaleak zelatatu eta araudia errespetatzen zela egiaztatu behar izaten zuten, baita argiteria zaindu ere. Espainian dokumentatuta dauden lehen serenoak 1715 urtekoak dira, baina 1834 urtera arte ez ziren hauen zereginak arautu eta legeztatu.
Zumaiako dokumentazioan 1866an agertzen zaizkigu lehen aldiz lanpostu honen inguruko berriak. Urte horretan sereno edo gauzain postuak ezartzeko dekretua ematen da. Lanpostu hau betetzen zuten pertsonen lehen izenak berriz, 1872an agertzen dira: Pedro Ibarra, Victor Trueba, Jose Labaniz eta Ligorio Urruzuno. Hauei gainera, iruzurgileak atzemateko eginkizuna eman zitzaien.
Udal artxiboan gordetzen diren espediente batzuei esker, postu hau lehiaketa publikora ateratzen zela egiaztatu dugu. 1954ean sereno izateko 25 eta 35 urte bitartean izan behar ziren; 1,60 zentimetro baino gehiago neurtu; idazten, irakurtzen eta aritmetikako lau eragiketak eta hauen buruketak egiten jakin; osasuntsu egon eta lana egin ahal izateko zailtasun fisiko eza; jokabide egokia eta Mugimendu Nazionalaren aldekoa; eta Udal araudiak eta zirkulazio kodearen ezagutza.
Espediente horiek erakusten duten bezela, hautagaiek eskatutakoa ziurtatu behar zuten eta horretarako jaiotza-agiria, portaera ona ziurtatzen zuen Alkatetzaren agiria, aurrekari penalak, osaun-ziurtagiria eta “Mugimenduari” atxikimendua erakusten zuen ziurtagiria aurkeztu behar zituzten. Dokumentazioa egiaztatu ondoren, onartutakoek azterketa bat burutzen zuten. Bi ariketa mota egin behar izaten zituzten, idatzizkoa (irakurketa, diktaketa eta aritmetika eragiketak) eta ahozkoa (kargurako ezagutzak eta araudiak betetzen zituztela frogatzeko).
Gaueko zaindari hauek buruan txapel gorria zutela uniformatuta eta pistolaz armatuta joaten ziren. Hasieran argiontzia ere eramaten zuten.
Zumaian ondorengo serenoak egon ziren:
1872tik aurrera: : Pedro Ibarra, Victor Trueba, Jose Labaniz eta Ligorio Urruzuno
1894tik aurrera: Jose Agustin Egaña
1927tik aurrera: Pedro Treku (Udaletxeko gauzaina izan zen)
1931tik aurrera: Emiliano Lopez Areta
1932tik aurrera: Francisco Osa Uranga eta Francisco Egaña
1954tik aurrera: Antonio Pablos Bernardo
1961 arte: Manuel Pedrouso Vazquez
1962tik aurrera: Manuel Gallardo Fernandez
1963tik aurrera: Jose Luis Gonzalez Oiarzabal eta Manuel Albizu Idiakez
Oihana Artetxe (Ereiten Kultur Zerbitzuak)
*Udal artxiboan bilatutako datu bitxiekin osatutako artikulu guztiak kontsultatzeko eta udal artxiboa nola kontsultatu jakiteko klikatu hemen.