Gauez ere udaltzainen zerbitzua izango da, urrira arte

2010/08/04

Herritarren kexei aurre egiteko jarri da martxan zerbitzu berria.

 

Uda sasoian, Zumaian kexak ugari jasotzen dira. Gehienbat gauez sortutako zarata eta jarrera desegokiei lotutako kexak jasotzen ditu Udalak, eta horri irtenbidea emateko, uda garaian, gauez ere udaltzainak lanean izango dira.

Urtero, uda sasoian, udaltzainen plantila handitu egiten da, eta aurten plantila handitzeaz gain, zerbitzua ere handitu egingo da. Horrela, urria bukaera arte, gaueko 23:00etatik aurrera bi udaltzainek Zumaia patruilatuko dute.

Andoni Etxanizek azaldu duenez, “Uda garaian kexa asko jasotzen ditugu gauez kalearen hainbat erabilera desegoki egiten direlako. Garai honetan, kalean denbora gehiago egoten delako jendea da hori”.

“Udalaren begiak” izango dira gaueko bi udaltzain horiek. Izan ere, Zumaian dauden jarrera desegokien berri ere eman beharko dute. Hala, kotxeak gaizki aparkatzeko joerari irtenbidea eman nahi zaio, eta hondartzetan sortzen diren arazoei ere aurre egin nahi zaie. Azken aldian obra publikoetan izan diren lapurretei bukaera ere eman nahi zaie zerbitzu berri honen bidez.

Horretaz guztiaz gain, nahiz eta ‘Ni Zumaiarekin’ kanpainaren baitan tabernetako zarata dela-eta teknikari bat izan lanean, gaueko udaltzainek ere tabernetako ordutegien berri jasoko dute. “Tabernen arazoari heldu behar diogu.  Udaltzainek  jarduera kontrolatuko dute, eta informazio hori guztia Udalari jakinaraziko diote, gero neurriak hartu behar badira ere”, azaldu du Etxanizek.