Gaur, 18:00etan, Berdintasunerako mapa osatzeko emakumeen lehen bilera

2015/10/19

Bilera arratsaldeko 18:00etan Alondegian egingo da. Mapa osatzeko herriko kolektibo desberdinei zuzenduta bilerak egingo dira. Gaur eta hilaren 26an, emakumeen txanda izango da.

Zumaia Berdintasunerako Herria izan dadin, gizarte sektore guztiak inplikatuko dituen azterketa abian jarri da, urrian. Herritar guztien eguneroko bizitza erraztu eta elkartzeko leku aproposak eskainiko dituen herri atseginago diseinatu nahi da. Horretarako, gaur egungo egoeraren azterketatik hasi beharra dago. Herritarron eguneroko bizitza da herriaren irisgarritasuna neurtzeko tresnarik baliagarriena. Herritarrek bizi eta ezagutzen dute kalea, espazio publikoa, eta beraz guztiok gara aditu, guztiok gara ezinbesteko piezak herri anitz eta hobeaosatzeko orduan. Azterketa honetan Zumaian elkarbizitza nolakoa den ikusi nahi du Zumaiako Udalak; zein leku erabiltzen diren, zeintzuk ez, pertsona batzuek ordu batean eta bestean zein leku duten gustuko, zein beste leku saihesten dituzten, gauez, neguan, etab. Horrela, kolektibo guztien bizitzaren nondik norakoak ezagutuz, eta denon artean hausnarketa bat eginez, herriaren espazio publikoak eguneroko bizitzari nola erantzuten dion ikusi ahal izango dugu. Eta, bide batez, baita proposamenak landu ere.