6-12 urte bitarteko haurrentzako topalekuen inguruko informazio saioak egingo dituzte gaur arratsaldean

2020/06/15
Lehen Hezkuntzako haurrentzat astebeteko topalekuak izango dira uztailean zehar. Eskaintzaren inguruko xehetasunak azalduko dituzte gaur arratsaldean Aita Mari zinean, 17:00etan euskaraz eta 17:30ean gazteleraz. Parte hartzaileek maskara jantzita eduki beharko dute zine barruan.

Lehen Hezkuntzako haurrentzat astebeteko topalekuak izango dira uztailean zehar. Lau adin-tarte banatu eta adin-tarte bakoitzak aste batez parte hartu ahal izango du. Doakoak izango dira topalekuak, eta parte hartzeko ezinbestekoa izango da Zumaian erroldatuta egotea. Haurrak egunean bi ordu eta erdiz elkartuko dira adin bereko haurrekin, 10:00etatik 12:30era bitartean, eta nagusiki kalean egingo dituzte jolas eta jarduerak.

Topalekuen inguruko xehetasunak ezagutzeko bi informazio saio egingo dituzte gaur arratsaldean. Ludotekako hezitzaileek Aita Mari zinean elkartuko dira 6-12 urte bitarteko haurren guraso eta tutoreekin. 17:00etan euskaraz egingo dute saioa; 17:30ean, berriz, gazteleraz emango dituzte azalpenak.

Udalaren izenean ohartarazi dute beharrezkoa izango dela Aita Mari zinean maskara jantzita edukitzea. Bilera baino 20 minutu lehenago irekiko dituzte ateak, eta txandaka sartu beharko dira gurasoak.

Aforoa errespetatzeko, gehienez 180 pertsonak parte hartu ahal izango dute informazio saioan. Bilerara jende gehiago joango balitz, bigarren saio bat egingo dutela aurreratu dute.