Gaur (asteazkena) sinatu du Udalak Ardantzabideko lurren lagapena notario aurrean

2009/10/21

40 etxebizitza egin ahal izango dira lur horietan eta horrek bermatuko du frontoiaren egikaritzea.

 

Zumaiako frontoiaren inguruko korapiloa askatze bidean dagoela dirudi. Gaur (urriak 21, asteazkena) sinatu du Udalak Ardantzabideko lurren lagapenaren inguruko eskritura publikoa Zumaiako notaritzan. Ardantzabide auzoko zazpigarren partzela da Udalak lortu duena eta Arau Subsidiarioetako 34. artikulua aplikatuz, 40 etxebizitza egin ahal izango dira lur horietan. Azken hilabeteetan negoziatzen aritu diren lagapen horrek bermatu ahal izango du Zumaiako frontoiaren egikaritzea.

Orain, lur horretan egingo diren etxebizitza proiektua definitu eta dauden eskaintzak aztertu beharko ditu Udalak. Andoni Etxaniz Hirigintza eta Ingurumen zinegotziaren arabera, “etxebizitza libreen merkatua nahikoa geldituta badago ere, promotoreek beste tipologia bateko etxeak egin nahi dituzte orain eta horrek nolabait bat egiten du gure irizpideekin”. Oraindik lantzen ari diren gaia den arren, “etxebizitza politika sozialago” bat aplikatzen saiatuko direla jakinarazi du: “Gaia sakon aztertu beharko dugu, baina saiatuko gara frontoiaren egikaritzea ahal den azkarren egiten, batetik, eta babestutako etxebizitzen bermea lortzen, bestetik”.

Ildo horretatik, Iñaki Agirrezabalaga alkateak gaia “argi” ulertarazi nahi izan du: “eroslea daukagun momentuan egingo da frontoia. Egoera ekonomikoak ere baldintzatuko ditu epeak eta frontoiaren egikaritzea lur hauetatik etorriko da”.

Soka luzeko korapiloa

Frontoiaren auziak egonezina sortu du azkenaldian herrian. 2003. urteko otsailean sinatu zuen Udalak Salbide S.L promotorearekin Zumaian frontoi berri bat egin ahal izateko akordioa. Hitzarmen haren bitartez, 525 milioi pezetako frontoia egitera behartu zen promotorea eta ordainean, 35 etxebizitza libre gehiago egiteko eskubidea jaso zuen. Hala, lehen etxebizitzei erabilera lizentzia eman eta sei hilabetera amaituta behar zuen frontoiak, eta hala ez bazen, frontoiaren kostuaren pareko bermea aurkeztu behar zuen Salbidek.

Udal gobernuaren arabera, urte hartan sinatu zen hitzarmenak, ordea, “egoera ekonomiko ona” bakarrik aurreikusten zuen: “Eta orain zer gertatu da? Egoera ekonomikoak baldintzatuta, etxe guztiak saldu ez, eta promotorea ez da hasi ere egin frontoiaren exekuzioarekin. Gainera, bermea aurkezteko modurik ere ez dauka”.

Hitzarmen “kaxkar” hark sortutako egoeraren aurrean konponbidea bilatzea egungo Gobernu Taldeari tokatu zaiola azpimarratu dute: “Konponbidea aurkitu dugulakoan gaude”. Joan den urriaren 8ko ezohiko udalbatzan onartu zen ezker abertzalearen, EAren, EB-Aralarren eta PSE-EEren aldeko botoekin lurren lagapena, EAJk abstentzioa bozkatu zuen. Gobernukideen ustez, “sortutako baliabide berri horiei esker, posible izango da Zumaiak behar duen frontoia egitea. 2003ko hitzarmenak egoera ekonomiko “ona” behar zuen, etxebizitzak 75 milioitan saldu ahal izateko, eta frontoia espekulazioaren formula erabiliz ordaintzeko”. Horren aurrean herriak behar duen frontoi egoki bat egin ahal izateko bidean lanean jarraituko dutela jakinarazi dute, “espekulazioaren formula albo batera utzita”.Ardantzabide_planoa

 Goiko planoan ikus daitekeenez, gorriz inguratuta dago Udalak jaso duen lur eremua.