Gaur, auzokonposta ikastaroa, Alondegian
Abian jarraitzen du auzokonposta kanpainak, gaur, 19:00etatik aurrera Alondegiko arranpla gelan (1. solairua) bilera egingo da. Dagoeneko Puntanueta eta Oikian abian dira auzokonposta guneak, eta familia ugarik ekimen honen bidez ematen die irtenbidea beren hondakin organikoei. Gero eta gehiago dira Zumaian auzokonposta egin nahi dutenak, eta Basadi eta Santelmo inguruko bizilagunak ari dira taldetxoak sortzen. Hori dela eta, bi auzo horietako eta Puntanuetako familia berrientzako antolatu dira ikastaroak. Lehena pasa den larunbatean egin zen, eta bigarrena gaur egingo da. Auzokonposta egin nahi duten herritarrek izena emateko 608 054 359 telefonora deitu edo auzokonposta@gmail.com helbidera idatzi dezakete. Animatu eta egin auzokonposta!



