Gaur bukatuko da Txori Txiki Musika Eskolan matrikulatzeko epea
Interesatuek 17:30etik 19:00etara izango dute ikasturte berrian izena emateko aukera. Horretarako Ubillos jauregian dauden Musika Eskolako bulegoetara joan beharko dute.
Gaur (ostirala) izango da Txori Txiki Musika Eskolako ikasturte berrian izena emateko azkeneko eguna. 2010/2011 ikasturterako Txori Txiki Musika Eskolak hainbat ikasgai eskainiko ditu. Horien artean, taldeko ikasgaiak, Musika Tailerra, Musika Mintzaira, helduentzako Musika Mintzaira, euskal dantzak; musika tresnak, pianoa, gitarra, baxua, bateria, perkusioa, trikitixa, panderoa, eskusoinua, biolina, flauta, txistua, saxofoia, tronpa, tronboia, klarinetea, oboea eta tronpeta.
4-7 urte bitarteko haurrentzako musika tailerra eskainiko dute, bertan 4tik 7 urterako umeek musikaren mundu zoragarria ezagutu eta bizitzeko aukera izango dute. Jolas desberdinak, dantzak, perkusio txikiko instrumentuak eta abarren bidez. Modu honetan ikasleen sentsibilitate artistikoa garatzea da helburua eta nola ez musikarenganako jakin-mina eta interesa sustatzea.
7-8 urtetik aurrerakoentzako, Musika Mintzairaren bidez, instrumentuak eta dantzarekin hasteko aukera izango da. Maila honetan instrumentua ikasten ari diren ikasleak talde instrumental desberdinetara bideratzen ditugu, bakarkako klaseez gain, talde instrumentalean musikaz gozatzeko aukera eskainiz.
Eskaintza berezi bezala harmonia, informatika musikala, musikoterapia eta helduentzako ikasgaiak zehaztu dituzte.
Izen-ematea
Eskaintzen inguruko informazio gehiago eskuratzeko edota matrikulazioetarako Musika Eskolako bulegoetara (Ubillos jauregia) jo beharko da. Gaurkoa da izena emateko azkeneko eguna eta 17:30etik 19:00etara egongo da horretarako aukera. Ildo beretik, ondorengo telefonora deituta ere apuntatu daiteke (ordutegi berean deitu behar da): 943 86 11 83.
Ikasturte berriko ordutegiak
2010/2011 ikasturteko ordutegiak ekainaren 30ean banatuko dituzte. Goizez 11:00etatik 12:30ra eta arratsaldez 17:30etik 19:00etara. Taldeko ordutegiak, berriz, kortxoan egongo dira eta instrumentuko ordutegiak banatzeko, irakasle bakoitza jarriko da harremanetan ikaslearekin.



