Gaur hasiko da Lankidetza Astea

2011/12/13

Abenduaren 13tik 18ra bitartean aurtengo Lankidetza Astea izango da. Aurtengoan, 95.702 euro banatu ditu mundu osoko hainbat lankidetza proiektutara.

Gaur, abanduak 13 hasiko da aurtengo Lankidetza Astea. Aste honetan lankidetza proiektuen inguruko hainbat hitzaldi izango dira, eta Udalak Gobernuz Kanpoko Erakundeen artean banatutako diruarekin zein proiektua ematen diren aurrera jakiteko aukera izango da.

Hona hemen egiteraua:

Abenduaren 13tik 18ra

Nava Jeevan proiektuari buruzko erakusketa, eta Zumaiako Udalak laguntzen dituen bederatzi lankidetza proiektuen inguruko bideo emanaldiak. Lekua: Alondegia.

Abenduak 13, asteartea

19:00etan, astearen inaugurazioa eta hitzaldia: Banka etikoa. Lekua: Alondegia.

Abenduak 16, ostirala

19:00an, Nava Jeevan elkartearen hitzaldia, Indian dituen lankidetza proiektuen inguruan. Lekua: Alondegia.

Abenduak 17, larunbata

17:00etan, haurrentzako eskulanak: horma irudi erraldoia osatuko da. Lekua: Alondegia.

 

Lankidetza proiektuak

Zumaiako Udalak 95.702 euro eman ditu aurten munduan zehar burutzen diren hainbat lankidetza proiektu laguntzeko. Zumaiarrek aurkeztu dituzten proiektuetarako 52.302 euro aurreikusi ditu, eta beste 30.958 euro Euskal Fondoari bideratuko zaizkio. Aurrekontuaren %5 larrialdietarako gordetzen da, eta gainontzeko dirua sentsibilizazio kanpainak egiteko erabiltzen da. Udalak 2011n lagundu dituen bederatzi proiektuen azalpenak dituzue jarraian, elkarteetako kideek beraiek aurkeztuak.

 

Elena Yeregi (Darahli)

 

“Saharar errefuxiatuek kanpalekuetan bizi dute egoeraz zumaiarrak sentsibilizatzeko egiten dugu lan, eta, horrez gain, sahararrei laguntzeko zenbait proiektu ditugu. Adibidez, hango eta hemengo familiak senidetzen saiatzen gara, kanpalekuetarako eguzki plakak lortzen ditugu, eskoletarako eta mekiduntzako materiala bidaltzen zaie… Zumaiako gazteei errefuxiatuen kanpalekuetako errealitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera ere ematen zaie, hiru urtetik behin antolatzen dugun bidaiarekin. Hurrengo bidaia, hain zuzen ere, 2012an egingo dugu. Aipatzekoa da elkarteko kide gehienak Zumaiako ikastetxeetako ikasleak direla” .

 

Iurre Eizagirre (Nava Jeevan)

 

“Indiako haur behartsuenei laguntzeko egiten dugu lan Nava Jeevan elkartean. Bi dira gure proiektu nagusiak: Asha proiektuan, gaixotasun larriak –talasemia, HIESA…– dituzten hamar haurren sendagaiak eta tratamenduak ordaintzen laguntzen dugu; bestetik, Ankur proiektuarekin, eskola bat aurrera ateratzen laguntzen dugu. Zikloi batek erabat suntsitu zuen 1999an, eta guk bidaltzen diegun laguntzarekin hezkuntza ziurtatzeaz gain, jatordu bat ematen zaie eta eraikinean hainbat hobekuntza egin dira. Proiektu hauek aurrera eraman ahal izateko gure indarrik handiena bazkideak dira. Ikusi eta erakutsi dugu hilean bakoitzak bost euro jarrita gauza asko egin daitezkeela Indian”.

 

Xanti Osa (Kongolagun)

 

“Justo Osa Afrikan dago, Kongoko Kasungami herrian. Hamabost urtetik gora daramatza han, eta bere proiektua da bertako gazteei ofizio bat irakastea, aurrera ateratzeko ogibide bat erakustea. Justo arotza da eta pixkanaka eskola-tailer bat muntatu du guk hemendik bidaltzen diogun laguntzarekin: makinak, lanabesak eta behar dituen materialak bidaltzen dizkiogu edukinontzi handitan sartuta. Aroztegiko lanak erakusteaz gain, Kasungamiko herritarrei beti laguntzeko prest dago Justo. Kongolagunen zeregin nagusia da Justoren proiektuarentzat baliabideak lortzea eta behar duen babesa ematea”.

 

Elena Apestegi (Zumaia Munduan)

 

“Antonio Maria Zubia zumaiarrak Venezuelan duen elkartasunezko proiektua laguntzea da Zumaia Munduan elkartearen helburua. Caracas hiriburuaren kanpoaldean dagoen Katia herrian egiten du lan. Premia handiak zeudela ikusirik, 1998an Itxaropenaren hiria proiektua martxan jartzea erabaki zuen, batez ere hezkuntzara bideratuta. Oso inguru txiroa da, prostituzio eta droga arazo larriak dituzte. Gazteek bizimodu duinerako aukera bat izan dezaten, lanbide-eskolak antolatu dituzte Itxaropenaren hiria-n. Hori da proiektuaren helburu nagusia, itxaropenerako aukera bat eskaintzea hezkuntzaren bidez”.

 

Manu Gonzalez Aramendi (Bangassou)

 

“Afrika Erdiko Errepublikan dago Bangassou eskualdea. Oso inguru behartsua da, eta gure elkartearen helburua da haien bizimodua hobetzen laguntzea. Esate baterako, garraiorako azpiegiturak oso egoera kaskarrean daude. Errepiderik ez dute eta alde batetik bestera joateko zailtasun handiak dituzte. Joan den urtean Zumaiako Udalak eman zuen diruarekin zubi bat eraiki ahal izan zen. Zumaia izena jarri zioten, gainera. Aurtengorako daukagun proiektua medikuntza arlokoa da. Anbulatorio bat eraiki nahi dugu, gaixoak artatu ahal izateko”.

 

Aitor Bikuña (ELAN Euskadi)

 

“Aurten Zumaiako Udalak diruz lagundu duen proiektua Kolonbiako Cauca departamentuan dago kokatua, eta jatorrizko bizilekutik alde egin behar izan duten emakumeei laguntzea du xede. Ezaguna da azken 40 urteetan Kolonbian bizi den indarkeriazko egoera. Horren ondorioz, milaka kolonbiarrek etxea utzi eta beste eskualde batzutara alde egin behar izan dute, eta bizimodu berri bat eraiki. Zailtasunak gainditzen laguntzen diegu guk. Alde batetik, emakume taldeak antolatzen, emakumea baita familiaren ardatza. Bestetik, garapen ekonomikoa bultzatzen. Diru-laguntzak ematen ditugu emakumeek mikroenpresak sor ditzaten”.

 

Mikel Andueza (Caritas)

 

“El Salvadorko Tacuba herrian daukagu Zumaiako Udalak lagundu duen lankidetza proiektua. 2001ean lurrikara batek etxebizitza asko suntsitu zituen, eta landagunetik ehundaka lagun iritsi ziren Tacubara babes bila. Orduan, nola edo hala eraikitako auzo berrietan ez ziren kontuan hartu oinarrizko azpiegiturak: ur hornidura, uren saneamendua, kaleen urbanizazioa… Hori dena egin gabe gelditu zen. Hango komunitateak eskatu zigun lan horiek egiten laguntzeko, eta horretan ari gara. Proiektua ia amaituta dago, Zumaiak eta Gipuzkoako beste dozena bat herrik emandako laguntzari esker”.

 

Bakarne Iruretagoiena (Hegolan)

 

“Ekuadorko Esmeralda eskualdean egiten dugu lan, konkretuki Muisnen. Emakume asko gizonezkoaren laguntzarik gabe bizi dira, lau, bost edo zortzi aurrekin. Familia aurrera ateratzeko gehienek maskorrak biltzen egiten dute lan. Bizimodua errazteko haurtzaindegi bat eraiki da, eta ikasketak ere eskaintzen zaizkie, ordenagailuak erabiltzen edota josten ikasi eta maskorrak biltzeaz gain beste ogibide bat lortzeko aukera izan dezaten. Zumaiako Udalak eman digun laguntzarekin hamar bat urteko haurrentzat harrera gune bat eraiki nahi dugu. Haurrek egun osoa kalean pasatzen dute, ez dute ezer egiteko, eta zentro horretan ikasteko aukera eman nahi diegu, denbora aprobetxa dezaten”.

 

Patxi Altzibar (Behar Bidasoa)

 

“Zumaiako Udalak eman duen laguntzarekin zenbait etxebizitza eraiki ahal izan dira Ruandako Kibala eskualdean. Hiriburutik aparte bizi dira, orain arte oso modu deserosoan, txosnatan eta abar. Gainera, azken urteotan Ruandako Gobernuaren presioa ere jasan dute, txosnak bota dizkiete inguru hartatik bidaltzeko. Lankidetza proiektu honi esker, etxebizitza duinak eraiki dira eta bertan jarraitzeko aukera izan dute. Gainera, autoenplegua sustatu da, onuradunak baitira etxea eraikitzen dutenak”.