Gaur irekiko dute Pirritx eta Porrotxen ikuskizunerako sarreren salmenta
Gaur (asteartea), bihar eta etzi banatuko dituzte sarrerak Foronda Kultur Etxean. Saioa, berriz, otsailaren 15ean izango da, Maria eta Jose ikastetxeko aretoan.
Gaur (otsailak 9, asteartea) irekiko da otsailaren 15ean Pirritx eta Porrotx pailazoek Zumaian eskainiko duten ikuskizunerako sarreren salmenta. Gaur, bihar eta etzi banatuko dituzte sarrerak Foronda Kultur Etxean. 17:30etik 19:30era bitartean joan beharko da sarrerak eskuratzeko. 6 euro izango da helduen sarreren salneurria, eta 3 euro haurrena. Udaleko Kultura Sailetik jakinarazi dutenez, bakoitzak sei sarrera baino gehiago ezingo ditu erosi eta egun hauetan sarrerak sobratzen badira, saioaren egunean bertan jarriko dira leihatilan salgai.
Otsailaren 15ean eskainiko dute Pirritx eta Porrotx pailazoek saioa Zumaiako Maria eta Jose ikastetxeko aretoan. Bi saio egingo dituzte, 15:00retan eta 17:30ean. Irrien festa mundiala osatuko dute pailazoek, lagun bihurri eta kilikagarriekin batera. Xabier Zabala musikariak eta Idoia Uralde kantariak ere parte hartuko dute saioan. “Koloretako Euskal Irria maite dugulako, irri egin dezagun, etor zaitez gurekin, bildu gure festara” dei egin dute.
Kultura Sailetik oharra
Udaleko Kultura Sailetik ondorengo oharra luzatu dute saioa ikustera doazenek kontuan har dezaten:
Saio hauek direla eta, eta haur guztiek ahalik eta unerik politena igaro dezaten, eskaera bat gurasoei: Maria eta Jose aretoa ederra da eta eserleku asko ditu, baina haietako askotatik haurrek ezin dute hain ongi ikusi, eta hori dela eta sarrera kopurua mugatu da.
Baina sarritan esertzeko orduan eserlekuak betetzen ditugun era dela eta oraindik jende gutxiagok goza dezake ikuskizunaren ikuspegi egokiaz. Hori dela eta, guraso eta arduradunei eskatzen dizuegu, aretoan sartzean era egokian esertzeko: tarteko alferrikako jarleku hutsik utzi gabe, txamarrak edo trasteak uzteko jarlekurik bete gabe...
Ziur ume eta ez hain umeek festa zoragarria igarotzen dugula!



