Gaur irekiko da hondartza denboraldia
Gaurtik irailaren 15a bitartean izango da hondartza denboraldia Zumaian. Ingurua zaindu eta arduraz jokatzeko eskatzen die Udalak herritarrei.
Uda eta oporrak gero eta gertuago daude, eta ekaina ere aurrera doanez, iritsi da Zumaiako hondartzen denboraldia irekitzeko garaia. Gaur irekiko da bi hondartzetako denboraldia, eta irailaren 15era arte izango da zabalik. Zumaiako Udalak herritarrei hondartzan ere arduraz jokatzeko eskatzen die.
Zumaiako Udalaren Ingurumen Sailak, herritar orori hondartzan arduraz jokatu eta ingurumena zaintzeko eskatzen die. Horrela, hondartza dagoen bezala uzteko gomendio egiten du; zaborrak zakarrontzira bota edo bueltan etxera emateko ere eskatzen du. Iazko irizpideei jarraituz, aurten ere hondakin edukiontzi gutxiago jarriko dituzte hondartzetan.
2010eko irailetik Zumaiako Santiago eta Itzurun hondartzek ISO 14001 ziurtagiria dute.
ISO 14001 ziurtagiria
2010.etik Zumaiako hondartzek ISO 14001 agiria erakusten dute. Lehendik Bandera Urdina eskatzen zuen udalak, hondartzek momentu jakin batean bete behar zituzten kalitate-baldintza batzuetan oinarrituta.
2010. urteaz geroztik ISO 14001 nazioarteko arauan oinarritutako kudeaketa-sistema definitu zen hondartzetan ematen diren prozesu eta jarduera guztiak kontrolatzeko, horiek ingurumenaren gain daukaten eragina murrizteko eta urtero hobekuntzarako helburu eta ekintza berriak ezarriz. Arau honen bidez, oinarrizko baldintza batzuk betetzeaz gain, hondartzetan diharduten agente desberdinen jarduera (garbiketa, sorospidetza, kantinak, ekitaldi bereziak,…) modu egokian burutzen dela ziurtatzen da. Hasi ginenetik emandako pausu garrantzitsu batzuk dira:
· Hondartzetarako egiten diren kontratazio guztietan ingurumen-baldintzak sartu eta betearazi, jarduera edo instalazioen ingurumen-eragina murriztuz.
· Santixoko duna eremuko balio naturalak ezagutarazi eta espezie inbaditzaileak ezabatu.
· Itzurungo hondartzarainoko bidegorria luzatu, erabiltzaileek bertara hurbiltzeko orduan modu jasangarrian egiteko aukera izan dezaten.
Aurten ere, hondartzen ingurumen-alderdiak hobetzeko helburuak eta ekintzak definitu ditugu eta horietan parte hartzera animatzen zaitugu:
· Zumaiako hondartzetan dauzkagun balio naturalak babesteko planak burutu.
· Hondakinen banaketa hobetu.
· Ur-kontsumoa murriztu.



