Gaur (osteguna) jokatuko dira Dinastia Etxabe txapelketako finalak
Partiden ondoren omenaldia egingo diote pilota munduan lanean aritu diren lau zumaiarrei. Omenduak Joxe Uribe, Jose Maria Larrañaga 'Txortena', Severiano Yeregui eta Karmelo Zendoia izango dira.
Iritsi da egun handia. Gaur gauean jokatuko dira Dinastia Etxabe pilota txapelketako azken partidak (22:00etan Zestoako frontoian) eta gaur ezagutuko dira irabazleen izenak.
Jubenilen finala jokatuko da aurrena. Bertan, Labaka eta Elustondok osatutako bikotea Olano eta Tolosaren aurka lehiatuko dira, txapela eskuratzeko asmoz.
Nagusien mailan, berriz, Santxo eta Peñas Jaka eta Arzelusekin neurtuko dira, hauek ere txapel nagusia eskuratzeko helburu bakarrarekin. Partida honetako bi aurrelariek ikuskizun handia eman dute txapelketa osoan, eta final bizia espero da.
Partiden ostean , irabazleei txapela eta oroigarriak eman eta gero, omenaldia egingo diote pilota munduan lanean aritu diren lau zumaiarrei. Omenduak Joxe Uribe, Jose Maria Larrañaga Txortena, Severiano Yeregui eta Karmelo Zendoia izango dira.



