Gaur sinatu da Torreagan etxebizitza babestu eta tasatuak egiteko hitzarmena

2018/12/11

Hitzarmena irailean egin zen Udalbatzan onartu zen eta jendaurrean egon beharreko epea pasa ondoren, ez da helegiterik jaso. Horrela, Torreagako eremuan, hitzarmenak jasotakoaren arabera, 50 etxebizitza babestu eta beste 50 tasatu eraikitzeko beste pauso bat eman da.

Zumaiarrei etxebizitza aukera berriak eskaintzea eta alor horretan herritarren behar zein eskaerei erantzutea izan da, legealdia hasi zenetik, udal gobernuaren helburu nagusietako bat eta hitzarmen honen sinadurarekin gertuago dago Torreagako eremuan 250 etxebizitzen eraikuntza gauzatzea. Etxebizitza horietatik 50 tasatuak eta beste 50 babestuak izango dira.

Udal gobernuak akordioa landu ondoren, irailean onartu zuen hitzarmena udalbatzak eta jendaurrean egon beharreko epea pasa ondoren, ez da helegiterik jaso, beraz, pauso garrantzitsua eman da gaur proiektu hori egikaritzeko.

“Lortu zen akordio berriak izaera sozialagoa eman dio proiektuari. Negoziaketa eta prozesu honek urtetan zehar izan duen balio ekonomikoa alde batera utzi eta herritarren behar eta eskaerei erantzuna ematera bideratu dugu”, azaldu du alkateak.

Urte luzeetako nahia egikaritzea gertuago

Torreagako eremuan zegoen fundizioa lekualdatzea lehentasunezkoa izan zen garaiko EAJ-PNVren gobernuarentzat eta hor hasi zen oraingo hitzarmenak amaiera emango dion bidea. Tamalez, krisi ekonomikoa tarteko, zumaiarrok nahi baino gehiago luzatu da auzia. Lehen hitzarmen hartatik bigarren bat ere sinatu zen aurreko agintaldian, hura gauzatzerik ere ez zen lortu, zoritzarrez.

Egungo udal gobernua Udalean sartzerako jada 8 urte inguru zeramatzan geldirik eremuak eta hori birbideratze aldera, hitzarmena berrikusteari heldu zion. “Birnegoziatzeko garaian, herritarren beharrak eta etxebizitza arloan egun dagoen eskaera mota lehenetsi genituen, gure helburua baita zumaiarretzat etxebizitza tasatu zein babestua berriro ere errealitate bilakatzea”, azaldu du alkateak, Oier Kortak. 

Horrela, Torreagaberri akordioan jasotakoaren arabera, 250 etxebizitza eraikiko dira, guztiak Torreagan eta ez dira guztiak libreak izango, 50 tasatuak eta beste 50 babestuak izango dira. Gainera, 1500m2ko lokal bat ere eskuratuko du Udalak bertan, ibai ondoan, itsas kirol elkarteei zuzentzea aurreikusi duena.

Amaitzeko, alkateak adierazi du eraikuntza prozesuak luze joko duela, aldez aurretik lan asko dagoelako egiteko: “Etxebizitza sustatzaileak bidalitako egutegiaren arabera, eraikitze lanak bi urte eta erdian hastea aurreikusita dago eta etxebizitza babestuena izango da eraikiko den lehen promozioa. Edonola ere, urrats garrantzitsua da gaurkoa, izan ere, gaur sinatzen dugun hitzarmenari esker, etxebizitza babestua eta tasatua berriz ere errealitate bat izango baitira Zumaian” amaitu du.