Gaurko osoko bilkuran onartu ditu Zumaiako Udalak pertsonak ardatz dituen 2019rako udal aurrekontuak

2019/02/12

Aurrekontuez gain beste zenbait puntu izan dituen osoko bilkuran, besteak beste, Kantauri plazako 4. zenbakidun atarian, prezio tasatuko 3 etxebizitzen zozketa arautzeko baldintzen agiria onartu da. Hiru mozio ere izan dira eztabaidagai, “Kalea guztiona da” ekimenak aurkeztutakoak ez da onartu eta EH Bilduk pinudien inguruan aurkeztutakoak eta EAJ-PNVk Aita Mari erreskate ontziaren inguruan aurkeztutakoak, aldiz, gehiengoaren babesa jaso dute.

Gaur arratsaldeko 18:00etan egin du Zumaiako Udalak osoko bilkura eta 2019rako udal aurrekontuen puntua izan da gai zerrendako punturik garrantzitsuena. Udal gobernuak proposatutako aurrekontuek, oposizioaren 3 ekarpen txertatuta, gehiengoaren babesa jaso dute eta Zumaiak baditu, beraz, 2019 urteari behar bezala aurre egiteko behar zituen aurrekontuak.

Marikruz Alvarez ogasun zinegotziak azaldu duenez, oposizioari abenduaren 27an aurkeztu zitzaion lehen zirriborroa ogasun batzordean eta oposizioak 3 ekarpen egin ditu. EH Bilduk egindako bi ekarpenak, Udalekuetan 2 urteko umeen zaintza zerbitzua zuzenean udalak ematea (orain arte Lubaki guraso elkartearen bitartez ematen zen zerbitzu hori), Hitzari dirulaguntza 20.000 eurotara igotzea eta Euskal hedabideen bateratze prozesurako 10.000 euroko partida sortzea, partzialki txertatu dira eta PSE-EEk egindakoa, inbertsioetako beste partida generiko batzuetatik bideratzen ziren Estazio auzorako interbentzioentzat partida berezitua sortzea, ere onartu da.

Alvarezen hitzetan “Pertsonak ardatz dituen aurrekontuak dira 2019koak ere. Legealdian zehar ezarritako helburuei jarraipena ematen die aurrekontu honek, tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea, gizarte beharrei erantzuna ematea, herritarrei eskaintzen zaizkion zerbitzuak bermatu eta hobetzea, Zumaiako eraikin publikoak mantendu eta berriztatzea, irisgarritasuna, kaleen mantentzea eta garbiketa, parkeak, lorategiak, argiteri publikoa,… zumaiarren beharretara egokitutako herria eraikitzea; hain zuzen, herritarren ongizatea da gure helburu nagusia”.

Horrela, Zumaiako Udalak 2019 urteko jarduerarako, 13.703.753 euroko aurrekontua izango du eta Kirol Patronatuak, 1.306.228 eurokoa. Udaletik transferentzia moduan 552.000 euro jasoko ditu, 420.000 euro transferentzia arrunt moduan eta 132.000 euro kapital transferentzia bezala. Ondorioz, udal sektore publikoaren aurrekontu bateratua 14.457.981eurokoa izango da.

Funtzionamendu Gastuak aurrekontuaren %82,91a suposatzen dute, zorpetzeak %1a eta kapital gastuak %16,10, azken gastu multzo honek inbertsioak jasotzen ditu, 2.072.701 euro herrirako eta 132.000 euro kirol instalazioetarako.

“Zumaia 2015-2025 plan estrategikoak jasotzen duen bezala, bizitzeko herria nahi dugu, herri erosoa, jasangarria, irisgarria, segurua eta erraz mugitzeko modukoa. Pertsonak oinarri izango dituen herria eta pertsonak ardatz hartuta, osatu ditugu aurrekontu hauek. Herritarren ongizatea hobetzeko helburuarekin, harrera ona izan duten programa berriei jarraipena emanez eta hobetuz, eta baita, gabeziak ikusi diren sailetan programa berriak sortuz edota ematen diren zerbitzuak indartuz”.

Aurrekontuen gaia amaitzeko, ogasun zinegotziak adierazi du “Herritarren aldetik 10 bat ekarpen jaso ditugu. Asko eskertzen ditugu ekarpen horiek eta 2019an zehar saiatuko gara beraien kezka eta eskakizunak eztabaidatu eta lantzen. Eskaera batzuk erantzun azkarrekoak dira eta aurrekontuak jasotzen ditu dagoeneko, beste batzuk ordea, lanketa sakonagoa eskatzen dute eta konpromiso hori hartzen dugu”.

Aurrekontuen puntua eztabaidatu eta onartu ondoren, Kantauri plazako 4. zenbakidun atarian prezio tasatuko 3 etxebizitzen zozketa arautzeko baldintzen agiria onartu du udalbatzak. Horrela, 30 egunez jarriko da baldintza agiria jendaurrean eta alegaziorik ezean, aipatu 3 etxebizitza horiek zozketatzeko prozedura martxan jarri eta 2019an zozketatu ahal izango ditu Udalak.

Proposamenetan, 3 mozio izan dira gaurkoan eztabaidagai, “Kalea guztiona da” ekimenak aurkeztutakoak ez du nahikoa bozka jaso eta ez da onartu eta EH Bilduk pinudien inguruan aurkeztutakoak eta EAJ-PNVk Aita Mari erreskate ontziaren inguruan aurkeztutakoak, aldiz, gehiengoaren babesa jaso dute.

Ikusmin gehien sortu duen mozioa, “Kalea guztiona da” ekimenak aurkeztutakoa izan da. Aipatu mozioa abenduko osoko bilkurarako aurkeztu bazen ere, EH Bilduko zinegotzi batek joaterik izan ez zuenez, “Kalea guztiona da”ko ordezkariek mozioaren eztabaida atzeratzea eskatu eta alkateak atzeratzea onartu zuen. Oier Korta alkateak, mozioa jaso zenean, hau eztabaidatu bitartean pintadak ezabatzeari etetea erabaki zuen eta gaurko osoko bilkuran azaldu duenez “aste hauetan zehar hainbat eta hainbat herritarrek erakutsi digute beren ezinegona eta helarazi dizkigute bere kexak, aurrez aurre, telefonoz, emailez… arazoa ez da, hortaz, mozioa aurkeztu dutenek dioten bezala, “udal gobernuaren debeku multzoa”, herritarrak arduratzen dituena ez da hori, gure herriko kaleen egoera baizik”.

Bukatu aurretik, esan bezala, Aita Mari itsasontziaren inguruko mozioa eztabaidatu da. Mozioa Oier Kortak aurkeztu du, esanez “kostako herria gara eta badakigu zer den itsasoak bizia eramatea. Zumaia harro dago, gainera, itsasontzi honek bere izenarekin omentzen duen zumaiarraz, besteak itsasoaren besoetatik ateratzen bizia eman zuen Aita Mariz. Eta ezin gara besoak gurutzatuta geratu tragedia honen aurrean”.

Amaitzeko, galde erreguetan, Estazalde auzo elkarteko ordezkariek idatzi bat irakurri dute, beren eskaerak aintzat hartuak izan daitezela eskatuz eta behin behineko soluzioak baino behin betikoak eskatuz. Oier Korta alkateak adierazi die, aurrekontuen azalpenean esan den bezala, bide horretan pausoak emateko bitartekoak jartzen ari dela Udala.