Gaurtik salgai 'Jai-Alai Blues' dokumental emanaldirako sarrerak

2015/10/27

Turismo bulegoan 3 euroren truke dira salgai gaurtik aurrera sarrerak. Zumaiako Udalak zesta puntan jokatzera atzerrira joan izan diren herritarrak gonbidatu nahi izan ditu.

Ostiral honetan, urriak 30, 19:00etatik aurrera Aita Mari aretoan Gorka Bilbaok zuzendutako Jai-Alai Blues zesta-puntaren inguruko dokumentala ikusgai izango da.

Dokumentalean zesta-puntan jokatzera Amerikara joan zirenen historia kontatzen da. Gehienbat Estatu Batuetako (Miami) eta Mexikoko bizipenak eta errealitatea islatzen dira, hamarkada desberdinetan erreferente izan ziren pertsonak elkarrizketatuz.

Zumaian ere badira beren kirol ibilbidea egiteko maleta hartu eta atzerrira joan ziren zesta punta jokalariak. Hori horrela, Zumaiako Udalak atzerrian izan diren jokalari horiek emanaldira gonbidatuz, Zumaiako herriaren izena eta izana munduan zabaldu izana eskertu nahi die. 

Sarrerak gaurtik aurrera 3 euroan salgai dira Turismo Bulegoan.