Gazte ekimenak diruz lagunduko ditu beste urte batez Zumaiako Udalak
Aisialdiarekin lotutako proiektuak, ikus-entzunezko lanen produkzioak edota ekintzailetza proiektuak lagunduko ditu Udalak. Guztira 5.000 euro banatuko dira, eta, proiektu bakoitzak, gehienez, 2.000 euro arteko dirulaguntza jasoko du. Ekainaren 30a bitarte egin daiteke laguntza jasotzeko eskaera.
Beste dirulaguntza deialdi bat argitaratu du Zumaiako Udalak. Herriko gazteek komunitatean parte hartze aktiboa izan dezaten sustatzeko, gazte ekimenak diruz lagunduko ditu Udalak: gazteen interesak eta grinak islatzen dituzten proiektuak bultzatzea da asmoa, gazteen garapena eta gizarteari egiten dioten ekarpena sustatuz.
Horretarako, gazteek bultzatutako ekimenak diruz lagunduko dira. Guztira, 5.000 euro banatuko ditu Udalak, eta, proiektu bakoitzak, gehienez ere, 2.000 euro jasoko ditu.
Deialdia argitaratzen den hirugarren urtea da aurtengoa. Iaz, ikus-entzunezkoen bi proiektuk jaso zuten laguntza: Malen Trenadoren dokumental esperimental batek, eta Araitz Garate eta Oier Romatet gazteen film laburrak.
Nork eska dezake dirulaguntza?
Dirulaguntzak Zumaiako 18 eta 30 urte bitarteko edozein gazteri zuzenduta daude. Eskatzaileek banaka edo taldean parte hartu ahal izango dute; taldean aurkeztuz gero, taldekideen hiru laurdenek ezarritako baldintzak bete beharko ditu.
Taldean aurkeztuz gero, arduradun bat izendatuko da, eta talde bakoitzeko proposamen edo proiektu bakarra aurkeztu ahal izango da.
Zein proiektu lagunduko dira?
Gazteek dozein arlotan egindako proiektuak barnebiltzen ditu deialdiak, eta banaka zein taldeka aurkeztu daiteke. Adibide gisa honako ekimenak bultzatuko dira:
- Aisialdiarekin lotutako proiektuak
- Ekintzailetza proiektuak
- Zientziaren inguruko proiektuak
- Ikus-entzunezko lanen produkzioa edo teknologia berriekin lotutakoak
- Komiki, fanzine edo bestelako kultur argitalpenen edizioa
- Zumaiar gazteek gauzatu ditzaketen beste proiektu batzuk
Aurkeztu beharreko dokumentazioa
Deialdian parte hartzeko, eskatzaileek eskabide bat aurkeztu beharko dute, eta horrekin batera, honako agiriak:
- Jardueraren memoria.
- Diruz laguntzeko aurkezten den programari dagokion gastuen eta diru-sarreren aurrekontua.
- Beste instituzio eta erakundeetan egin diren dirulaguntza eskaerei buruzko adierazpena edo, halakorik bada, jaso diren dirulaguntzena.
- Zinpeko aitorpena, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela edo horretarako gaitasunik ez duela esanez, legezko debekuan sartuta ez dagoela azalduko duena. Debeku horietan barne izango da sexuagatiko diskriminazioaren ondorioz jasotako debekua, 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen
duenaren 23.2 artikuluak arautzen duen ildotik. - Proiektuan genero ikuspegia noraino kontuan hartzen den zehaztu beharko da.
- Euskararen tratamendua jardueraren hedapenean.



