Gazteen emantzipazioa bultzatzeko “Alokairu Beka” programa onartu du gaur udalbatzak

2017/09/28

Alokairu Bekaren helburua da alokairu partekatua sustatu eta gazteei emantzipatzeko aukera berriak eskaintzea. Programa abenduan jarriko da indarrean eta lehen onuradunek 2017ko urte osoko alokairua ordaintzeko diru-laguntza jasoko dute. Horrez gain, Santiago hondartzako hitzarmenaren behin-betiko onarpena, Kataluniako prozesuaren inguruko mozioa eta EHBilduko zinegotziaren errenuntzia onartu dira, besteak beste, gaurko bilkuran.

Gaur arratsaldeko 18:00etan ohiko osoko bilkura egin du Zumaiako Udalak eta eguneko aztergaien artean, aipagarria da gazteen emantzipazioa bultzatzeko gobernu taldeak landu eta proposatutako “Alokairu Beka” programaren onespena. Onespen hori aurrera atera da EAJ-PNVren udal gobernuaren eta alderdi sozialistaren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.

Programa hori 18-35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta helburu du haien emantzipazioa erraztu eta bultzatzea. Horretarako, indarrean dauden programen azterketa sakona egin du udal gobernuak eta inguruko herrietako ereduez haratago, Europa iparraldeko herrialdeetakoak hartu ditu oinarri, noski, betiere, eredu horiek Zumaiaren eta gazte zumaiarren beharretara egokituz.

Ildo horretan, “Alokairu Beka” programa aitzindaria izango da eskualde mailan eta bi dira, hain zuzen, indarrean dauden gainerako programetatik bereizten dituen ezaugarriak.

1. Alokairu partekatua

Lehenik eta behin, “Alokairu Bekak” alokairu partekatua sustatzea du helburu eta hori lortze aldera, diru-laguntza handiagoa jaso ahal izango dute gazteek alokairua partekatuz gero. “Gaur egun gazte askok ezin dute haien irabaziekin bere kasa emantzipatu, horregatik, Udaletik, lagun taldean egiteko aukera eskaini nahi izan diegu”, adierazi dute gobernu kideek. Bide horretan, laguntza eskaera indibiduala egin ahal izango dute gazteek, baina, alokairua partekatuz gero, bekaren onuradun bakoitzak, norberaren diru-sarreren araberako laguntzaz gain,  %10eko hobaria jasoko du. Horri esker, “Alokairu Bekak” norberari dagokion alokairu zatia ordaintzeko %75erainoko laguntza eskainiko du, gehieneko diru-laguntza 150€koa izanik.

Horrez gain, alokairu partekatua sustatzeak, gaur egun eskaintzen diren etxebizitzen erabilera eta okupazioa areagotzea ere ahalbidetuko du.

2. Formazioa bultzatzearen aldeko hobaria

“Alokairu Bekaren” bitartez jasotako diru-laguntzaz gain, herriko gazteen formazioa bultzatu eta lan merkatuan txertatzeko dituzten aukerak zabaltze aldera, Udalak hilero 10€ko hobaria emango die programaren onuradun bakoitzari, baldin eta urteko 150 ordu baino gehiagoko ikasketak egiten ari diren.

“Alokairu Beka” jasotzeko oinarrizko baldintzak

18-35 urte izatea eta gutxienez 10 urtez Zumaian erroldatuta egotea dira “Alokairu Bekara” atxikitzeko oinarrizko baldintzak. “Ez dugu nahi gazte zumaiarrak herritik kanpora bizitzera joan behar izatea herrian bertan alokairua garestiegia delako”, azaldu dute Udaletik. Izan ere, 2008tik hona, herriko populazioaren hazkundea dela-eta, (1000 lagun gehiago) etxebizitza eskaera handiagoa da eta eskaintza, aldiz, txikiagoa. Ondorioz, etxebizitza zein alokairu prezioak garestitu egin dira eta bereziki gazte askok kanpora jotzen dute bizitzera. “Alokairu Bekaren” bitartez, ordea, kanpora irtete hori ekidin eta herriko gazteei eman nahi diegu lehentasuna”, adierazi dute gobernu kideek.

“Alokairu Beka” abenduan jarriko da indarrean eta programaren lehen onuradunek 2017ko urte osoko alokairua ordaintzeko laguntza jasoko dute. Alokairu Bekaren diru-laguntza jasotzeko, etxebizitzaren alokairuak ezingo du 600€tik gorakoa izan.

 

Eguneko gainerako aztergaiak

Horrez gain, ogasunari dagokionez, aurreko bileren aktan onartu da. Hirigintza arloan, aldiz, behin-betiko onespena eman zaio Santiago hondartzako hitzarmenari. Horren arabera, Zumaiako Udalak bere gain hartuko du hondartzan eraikiko den zerbitzuetarako eraikina doitzeko ardura.

Pertsonal saileko gaiak ere onartu dira gaurkoan, horien artean, udal zein kirol patronatuko langileen ordainsariaren %1eko igoera, informatika teknikari laguntzailea eta kontu-hartzailetzako erdi-mailako teknikariaren lanpostuen balorazio prozesuko emaitzak edota 2017ko udaleko lanpostuen zerrendaren aldaketa.

Proposamenen atalean, Kataluniako prozesua babesteko EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu da EAJ-PNVren udal gobernuaren eta EH Bilduren aldeko botoekin. PSE-EEk, aldiz, aurka bozkatu du, egungo prozesuari irtenbidea emateko elkarrizketa bidea jorratu behar dela adieraziz. Ildo horretan dei egin du Katalunia eta Madrilgo gobernuek negoziazio eta akordio bideei hel diezaieten.

Amaitzeko Nerea Eizagirre EH Bilduko zinegotziak bere errenuntzia aurkeztu du. Udalbatzak eskerrak emanez agurtu du Nerea azken bi urteotan zinegotziak egindako lan, ekarpen eta esfortzuari erreferentzia eginez.