Geolodia 2018 ekimena Euskal Kostaldeko Geoparkean egingo da

2018/04/12
Maiatzaren 12an egingo da, larunbata. “Karst. Koralezko mendiak eta bailara ezkutuak” izenburuarekin, Geoparkeko barnealdea ezagutzeko proposamena da.

Gipuzkoan aurtengo Geolodia ekimena Euskal Kostaldeko Geoparkean egingo da, maiatzaren 12an, larunbata. “Karst. Koralezko mendiak eta bailara ezkutuak” izenburupean, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Geoparkeak antolatu dute ibilaldia, Geoparkeko barnealdea ezagutzera emateko helburuarekin.

Ibilaldia gidatua izango da eta doakoa, baina beharrezkoa da aurrez izena ematea, plaza mugatuak baitira (50 lagun). Izena emateko idatzi eposta honetara: turismo@geoparkea.com.

Lasturko plazatik abiatuko da ibilaldia goizeko 9:30ean. Handik oinez aterako da taldea Lasturko San Nikolas auzoraino, lau orduko ibilbidea eginez. Bidean Arantza Aranburu eta Asier Hilario geologoek azalpenak emango dituzte: Geoparkeko paisaiaren bilakaera geologikoa azken milioi urteetan, Behe Kretazeoko koralezko arrezifeak nolakoak ziren…

Bazkaltzeko tartea egin ostean, 15:00etan Lasturko harrobira hurbilduko da taldea autobusez, Hector Fano geologoaren eskutik bertako harria eta honen erabilera ezagutzeko. Itzulera 17:00etan izango da; autobusak abiapuntura eramango ditu parte-hartzaileak, Itziarko plazara.

Mendiko arropa eta oinetako egokiak, ura eta janaria eraman behar dira. Lasturko tabernan bazkaltzeko aukera ere badago, aurrez erreserba eginda.

Geolodia ekimena

Geologia eta geologoen lanbidea herritarren artean ezagutzera ematea du helburu Geolodia ekimenak. Geologoek gidaturiko eta publiko zabalari zuzendutako doako ibilaldiak dira. Ekimena 2005ean jaio zen Teruelen eta 2010az geroztik espainiar estatuko lurralde guztietan egiten da aldi berean, maiatzeko lehen hamabostaldian.

Ibilaldi hauek inguruko paisaia "begi geologikoekin" ikusteko aukera eskaintzen dute. Era berean, ondare geologikoaren garrantziaz jabetzea eta ondare hau babestearen beharraz ohartaraztea dute helburu.