GEOPARKEAK UDAKO DENBORALDIARI HASIERA EMAN DIO ETA BERRIKUNTZA GISA, BI IRTEERA GIDATU BERRI ESTREINATU DITU
Ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean, Geoparkeak bisita gidatuak eskainiko ditu egunero
- Bi irteera gidatu berri jarri dira abian: “Lasturko plaza”, umeei eta familiei zuzenduta, eta “Geoparkeko herriak”, Mutrikuko, Debako eta Zumaiako kultur eta itsas ondarea ezagutaraztera bideratuta
- Informazio osoa eta erreserbak geoparkea.com webgunean edota Mutriku, Deba eta Zumaiako turismo bulegoetan
Uda sasoiarekin batera, Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere eskaintza turistikoa handitu egin du irteera gidatuen programa indartuz Geoparkea osatzen duten hiru herrietan: Mutrikun, Deban eta Zumaian. Ekainetik irailak 30 bitarte, Geoparkeak, jarduera interesgarriak eskainiko ditu egunero bertako ondare geologikoa, naturala eta kulturala ezagutzera emateko.
Geoparkeak, bisitariei kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko xedez, astean 30 irteera baino gehiago eskainiko ditu. Udara begira, 563 bisita gidatu programatu dira. Bisita gidatuen egutegi osoa geoparkea.com webgunean kontsulta daiteke eta bertan egin daitezke erreserbak.
Proposamen berriak
Aurten, berrikuntza gisa, bi irteera gidatu berri txertatu dira. Batetik, “Geoparkeko herriak” deritzona, Mutrikuko, Debako eta Zumaiako kultur eta itsas ondarea ezagutzera emango duen irteera gidatua. Bisita bakoitza hiru herrietako batean egingo da eta 90 minutuko iraupena izango du.
Bigarren proposamena umeei eta familiei zuzenduta dago, “Lasturko plaza”. Izenak dioen moduan Lasturko bailaran egingo da eta umeak izango ditu protagonista. Errota zaharrean artoa eho ondoren, talo tailerrean parte hartuko dute familiek eta azkenik Lasturko plazan elkartu eta euskal jolas tradizionaletan arituko dira: txingak, sokatira, lokotx biltzea, zaku lasterketa…
Bisita hau, gainera, Lasturren bertan zabaldu berri den Geoparkearen interpretazio gunea ezagutuz osatu ahal izango da. Espazio edo gune berri honek, testu eta ilustrazio bitartez, Lasturko haran ezkutua hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen du. Esperientziak hiru orduko iraupena izango du.
Halaber, Geoparkera hurbiltzen diren bisitariek ohiko ibilbide turistikoak egin ahal izango dituzte, itsasontzian irteerak, ibilbide geologikoak eta kulturalak, barnealdeko bailarak ezagutzeko jarduerak… Guztira, 13 proposamen ezberdin, gida profesionalen eskutik.



