Geoparkearen inguruko argazki lehiaketa

2011/05/24

Argazkiak aurkezteko azken eguna ekainaren 15 a da.

 

Europar Geoparkeen Astearen baitan, Zumaia, Deba eta Mutrikuk osatzen duten Euskal Kostaldeko Geoparkeak argazki lehiaketa antolatu du. Ekimen honen helburua lurralde honen eta bertako balore naturalen (bereziki geologikoen) eta kulturalen ezagutzan sakontzea da. Geoparkeak UPV-EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatearen laguntza du ekimen honetan.

Lehiaketan bi kategoria  desberdintzen dira: Geoparkeko Geologia batetik, eta Geoparkeko paisaia eta ondare kultura bestetik. Lehenengo kategoria EAEko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergo Ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago eta bigarren kategorian, berriz, edonork parte har dezake.

Geoparkearen Geologia kategorian, argazkien gaia Geoparkeari nortasuna ematen dioten bi elementuak osatzen dute, kostaldean Flyscha eta barnealdean Karsta. Kategoria honetan, batetik, alderdi zientifikoa eta dibulgatiboa baloratuko da eta bestetik, alderdi estetiko edo artistikoa. Atal honetako epaimahaikideak UPV-EHU Zinetzia eta Teknolohia Fakultateko irakasleak dira.

Geoparkearen paisaia eta ondare kulturalaren kategorian, lehiaketaren gaia Euskal Kostaldeko Geoparkearen paisaia, ondare naturala (Flyscha eta Karsta, besteak beste) eta ondare kulturala (jaiak, ohiturak, arkitektura…) dira. Argazkien alderdi estetikoa edo artistikoa bakarrik baloratuko da kategoria honetan. Kasu honetan, epaimahaia Geogarapen, Euskal Kostaldeko Geoparkearen Kudeaketarako Elkarteko kideek osatuko dute.

Lehiaketa abian da eta argazkiak aurkezteko azken eguna ekainak 15 izango da. Oinarrien, sarien eta epeen inguruko informazio guztia www.geoparkea.com webgunean ikus daiteke.