Geoparkearen proiektuaren hirugarren lan-bilera herritarrekin

2009/10/16

Urriaren 20an, arratsaldeko 19:00etan, Mutrikuko Udaleko Pleno Aretoan Geoparkearen proiektuaren hirugarren lan-bilera egingo da interesa duten herritar eta elkarteekin.

 

Mutriku, Deba eta Zumaiako Udalak kandidatura prestatzen ari dira, Europar Geoparkeen Sarean sarrera eskatzeko asmoz. Herri hauetako herritar eta elkarteen iritziak jaso eta euren babesa lortzeko helburuarekin, uztailean parte-hartze prozesu bat martxan jarri zuten. Lehen bilera informatiboa Zumaian ospatu zen.

Bigarren bilera lehengo astean ospatu zen Deba eta bertaratutakoen ekarpen eta balorazioak jaso ziren bertan, ondoren Ekintza Plana osatzeko. Honela, Mutrikuko bileran orain arte egindako lanaren fruitu den Ekintza Plana aurkeztuko da eta baita Geoparkea kudeatzeko aurreikusten den erakunde edo kudeaketa estruktura ere. Honen inguruan ere ekarpen eta iritziak jasoko dira.

Proiektua elkarlanekoa denez, aurkezpen hauetan ere 3 herrietako herritar eta elkarteen ekarpenak elkarbanatzea oso interesgarritzat jotzen da. Modu honetan, ondorio eta ekarpen partekatuak lortzea da helburua.


Mundu mailako sarea

Geoparkeak geologia bereizia eta beste hainbat ondare elementu dituzten lurraldeak dira. Geoparkeetan bertako herritarrengan oinarritutako garapen iraunkorreko estrategia aurrera eramaten da. Honela, europar nahiz mundu mailako sare bateko partaide bilakatuko litzateke lurraldea, beti ere  europar sareak izendapena onartu  ondoren. UNESCOren babesa duen figura da geoparkearena.

Europar Geoparkeen Sarea 2000. urtean sortu zen eta egun 32 Geoparkek osatzen dute europar sarea eta 20k Asiakoa. Estatuan, 4 Geoparke daude gaur egun: Maestrazgo eta Sobrarbe Aragoien, eta Cabo de Gata eta Sierras Subbéticas Andaluzian.

 

Informazio gehiagorako

Ondorengo webgunetan proiektuaren aurkezpena kontsultatzeko aukera duzue: www.debegesa.com; www.zumaia.net; www.mutrikukoudala.net eta  www.deba.net.

Informazio gehiago jaso edota asistentzia baieztatu nahi duenak, 943820110 telefonora deitu dezake.