Geoparkeen Europar Sarean eta Sare Globalean sartzea aitortzen duen ziurtagiria jasoko du Zumaiako Udalak, bihar
Bihar, 19:00etan, Guy Martini geologoak hitzaldia emango du Zumaiako udaletxeko pleno aretoan.
Bihar, abaneduak 15, Deba, Mutriku eta Zumaiako udalek, Geogarapen Elkarteko gainerako kideekin batera (Euskal Kostaldeko Geoparkearen kudeaketarako Elkartea), Geoparkeen Europar Sarean eta Sare Globalean sartzea aitortzen dien ziurtagiria jasoko dute. Ekitaldian parte hartuko dute Euskal Kostaldeko hautagaitzari babesa eskaini dioten erakunde eta pertsonak; baita Geoparkearen lan-taldeak osatzen dituzten profesionalak ere.
Ekitaldia 13:00ean izango da Debako Udaleko Pleno Aretoan, eta bertan izango da Guy Martini geologo frantsesa. Hain zuzen, Martiniren eskutik jasoko dute hiru udalerriek aipatu ziurtagiria, Europar Sarearen eta Sare Globalaren izenean.
Guy Martini, geologoa eta Haute Provence frantziar Geoparkeko Zuzendari Zientifikoa, Sarearen Aholkularitza Batzordeko eta Koordinazio Batzordeko kide nabarmena da. Geoparkeen proiektuak oinarrian duen marko teorikoaren garapenean ekarpen gehien egin duen pertsona da Martini.
Hiru udalerri hauek aurkeztutako hautagaitzak, Euskal Kontaldeko Geoparkeen izenburupean, UNESCOren eta Europar Geoparkeen Sarearen Koordinazio Batzordearen onespena jaso berri du. Honi esker, Deba, Mutriku eta Zumaia biltzen dituen lurraldeak Europar Geoparkeen Sarera eta Sare Globalera sartzea lortu du. Hala eman zen jakitera Greziako Lesbos irlan egin zen Europar Geoparkeen 9. Konferentzian, iragan urriaren 1an.
Geogarapen-eko kide dira Elkartearen sortzaile eta proiektuaren sustatzaile izan diren Deba, Mutriku eta Zumaiako udalez gainera: Gipuzkoako Foru Aldundia, Debegesa (Debabarrenako Garapen Ekonomikorako Elkartea), Aranzadi-Zientzia Elkartea, Debemen (Debabarreneko Landa Garapeneko Elkartea), Unesco Etxea eta Urkome (Urola Kostako Landa Garapeneko Elkartea). Partaide izateko bidean dira, berriz, Eusko Jaurlaritza eta Urola Kostako Mankomunitatea.
Proiektuaren kudeaketa eta koordinaziorako, Elkarteak Debegesarekin sinatu du lankidetza hitzarmena, eta Zuzendaritza Zientifikoa Geosei enpresako Joan Poch geologoaren esku dago.
Arratsaldean, hitzaldia Zumaian
Guy Martini geologoa, Haute Provence frantziar geoparkeko zuzendari zientifikoa, gure artean izango da. Sarearen Batzorde Koordinatzaile eta Aholkularitza Batzordeko kidea da eta bera da, seguruenik, geoparkeen proiektu bikain honek oinarrian duen marko teorikoaren garapenean ekarpenik handiena egin duen pertsona.
Goizean, Debako Udalean, Geogarapeneko bazkideei Geoparkeen Europar Sareko eta Sare Globaleko sarrera ziurtagiri ofiziala banatu ondoren, arratsaldez hitzaldi bat eskainiko du.
Hitzaldi hau arratsaldeko 7etan izango da, Zumaiako Udalean, Geoparkeen kontzeptuaren inguruan. Mutriku, Deba eta Zumaiako herritarrei zuzenduta dago hitzaldia eta doako autobus zerbitzu berezia izango da Mutriku eta Debatik Zumaiara bitartean, joan etorria egiteko*.
Autobus zerbitzu hau erabili ahal izateko, behar-beharrezkoa da izena ematea, 943820110ra deituz (Ainhoa) edo geogarapen@geogarapen.com helbide elektronikora mezu bat bidaliz .
Autobus zerbitzuaren ordutegia: Mutrikuko eliza ondoko geltokia (18h), Debako hondartzako aparkalekua (18.15h), Itziarko ostatua (18.25h). Buelta 20.30ak aldera.



