Gernikako arbolaren kimu berri bat landatuko dute Zumaian larunbat honetan
Landaketa ekitaldia 12:00etan egingo dute, Gernika parkean. Iñaki Ostolaza alkatea, udalbatzako gainontzeko kideak, eta Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak hartuko dute parte landaketan. Udalak zumaiar guztiak gonbidatzen ditu ekitaldian parte hartzera.
1937an bonbardatu zuten Gernika hegazkin alemanek, eta 1987an ingurune hau Gernika parkea izendatzea erabaki zuen Zumaiako Udalak, 50. urteurrenean. Gerora, Gernikako arbolaren kimu bat landatu zen bertan, baina honakoaren kokapenagatik arbola erabat kaltetu izan da behin eta berriro. Hori horrela, arbolaren kimu berri bat landatzea erabaki du Udalak. Turismo bulegoaren pareko belardian jarriko dute.
Zumaiako Udalak Bizkaiko Batzar Nagusiei eskatuta –arbolaren arduradunak dira– landatuko dute kimua, eta ekitaldi xume bat egingo dute landaketaren bueltan. Ekitaldian izango dira, besteak beste, Iñaki Ostolaza alkatea, udalbatzako gainontzeko kideak, eta Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria. Landaketa egin ondotik, kimuaren ondoan plaka bat jarriko da, eta Beheko Plaza jubilatuen abesbatzak Gernikako arbola abestuko du. Zumaiako txistulariek eta dantzariek ere parte hartuko dute ekitaldian. Zumaiako Udalak herritar oro gonbidatu nahi du ekitaldian parte hartzera.