Gerra Zibilean desagertutako lagunak identifikatzeko dna lagin gehiago bildu dira Zumaian

2018/06/05

Iaz jada 6 lagun zumaiarren laginak jaso ziren eta oraingoan beste 6 lagunek egingo dute froga bera. Helburua da Gerra Zibilean senideren bat galdu zuten pertsonen DNA lagina biltzea hobietatik ateratako gorpuzkinenekin alderatu eta horien identifikazioa errazteko.

2017ko martxoan ekin zion Gogora Institutuak Euskadin desagertutako pertsonen eta desagertuen senideen DNA jasotzeko kanpainari eta ekimenak erantzun eta harrera ona izan du interesdunen artean.

Zumaiako Udala, herriko memoria historikoaren lanketan, ekimen horretara atxiki zen garai hartan bizitako gertakari eta bizipenei ahotsa eman eta gure arbaso eta senideak bilatu, identifikatu, duindu eta bereziki behar bezala aitortzeko.

Proiektuaren baitan hainbat eta hainbat lagunen lagin bildu ditu Gogora Institutuak eta horietatik 12 biztanle zumaiarrenak izan dira: iaz 6 lagun izan ziren DNAren froga egin zutenak eta ekainaren 1ean beste 6 lagunek egin dute froga hori.

Zer egin behar dut nire DNA emateko?

DNA desagertuen zuzeneko senideei jasoko zaie, seme-alaba, anai-arreba, gizonezko iloba edo gizonezko bilobei, hain zuzen. Izan ere konparaketa egiteko orduan komenigarria da ahalik eta ahaidetasun lotura hurbil eta zuzenena izatea, modu honetara, identifikazioa errazagoa egiten baita. Horretarako, noski, beharrezkoa izango da ahaidetasuna frogatzen duen dokumentazioa aurkeztea, hala nola familia-liburua edo jaiotza-agiria.

Dokumentazio horrekin, DNA lagina eman nahi duen zumaiar orok Zumaiako Udaleko memoria historikoko bulegora zuzendu edota Gogora Institutuarekin jarri beharko du harremanetan 94 403 28 26 telefonoan edo gogora.idazkaritza2@euskadi.eus helbide elektronikoan.

Behin aurrez aipatutako dokumentazio hori jaso ostean, Institutuak pertsona hori UPV/EHUko Biomics taldeko langileekin jarriko du harremanetan. Taldekideek norberaren etxean, Gogora Institutuan edo Unibertsitateko laborategietan jasoko du DNA lagina eta hori Biomic-eko laborategian gordeko da. Laginetik ateratako informazioa, ordea, Gogora Institutuak kudeatuko du.

Prozedura honen bitartez, hobietatik ateratako gorpuzkinen DNA Gogora Institutuko DNA bankuko pertsonaren batekin bat badator, Institutua zuzenean jarriko da harremanetan lagun horrekin.