Hondakinen arazoaren aurrean, konpromiso bateratua
Getariako, Zarauzko, Orioko eta Zumaiako alkateek Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariarekin batera, hondakinen arazoari irtenbidea emateko konpromiso bateratuak adostu dituzte.
Getaria, Zarautz, Orio eta Zumaiako alkateek Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariarekin batera, hondakinen inguruan adostutako idatzi bateratua aurkeztu dute beren konpromisoak azalduz.
Idatzi horren puntu nagusiak:
1- Europako Legediak eta gure borondateak murriztu, berrerabili eta birziklatzearen alde egitera bultzatzen gaituzte. Egoerak, eta batez ere datuek, aldaketa bat behar dugula erakusten dute.
Bereizita jasotzen ez den guztia, herri batzuetan %75a, Urtetako zabortegian uzten da, horrek sortzen dituen ondorio ekologiko, ekonomiko eta osasun arazo guztiekin.
2- Birziklapenaren aldeko konpromiso sendoa azaldu nahi dugu. Orain baino gehiago birziklatu behar dugu, bilketa selektiboaren tasak igoz. Iruditzen zaigu, eta argi dugu, eztabaida ez doala horrenbeste sistema bat edo bestea ezartzetik, baizik eta gutxieneko birziklapen maila batzuk lortzetik.
Gaur egun herri batzuek %75a zabortegira bidaltzen dutez bezala, guk gutxienez %75a bereizita jasotzeko bitartekoak aztertzeko konpromisoa erakutsi nahi dugu.
3- Usurbilgo Itunak dioen bezala, zabortegi guztien itxiera eta erraustegirik gabeko hondakinen kudeaketa baten alde egingo dugu. Urola Kostan bizi garenon osasuna da lehenesten dugun irizpidea gaiaren aterabidea zedarritzeko, beste edozein irizpideren gainetik. Osasuna lehenesteak, ordea, ez du esan nahi gainerako irizpideak kontutan hartzen ez ditugunik; hala nola, ingurumena, ekonomia, lanpostuak…
4- Bat egiten dugu Urola kosta osorako Zero Zabor programa zabala ezarri eta garatzeko beharrean. Gipuzkoarako Zero Zabor programak modu egokian eta nahikoan konbinatu beharko ditu bilketa selektibo egokia eta konpostajea, bi alderdi horiek osatzen baitute hondakinen arazoa konpontzeko soluziobideen ardatza. Zentzu horretan, txalotu egiten dugu Zumaiak hartu duen erabakia.
5- Bide horretan konponbidea herritarrak izan behar duela uste dugu. Sistema bat edo bestea baino, herritarren jokabide arduratsuan sinesten dugu, eta egungo emaitzetatik besterakoa, beraiekin batera egin behar dugula zalantzarik ez dugu.
6- Hemen ez dago mirarizko sistemarik, jendearen ardura da konponbiderako bidean jartzen gaituena. Horregatik, bilketa selektiboko emaitza altu eta on batzuk lortzeko erabakiak hartuko ditugu. Baina esan bezala herritarrak are eta gehiago sentsibilizatuz eta konprometituz.
Beraz, gaur hemen aditzera eman nahi dugun konpromisoa argia da: erraustegirik ez, zabortegirik ez, birziklatzea bai.



