Gipuzkoako V. Bela Txapelketa jokatuko da asteburuan Zumaian

2010/05/20

Kruzero modalitatean ariko dira eta proba Euskadiko txapelketarako puntuagarria izango da. Larunbatean 13:00etan abiatuko da aurreneko etapa.

 

Larunbatean eta igandean, Gipuzkoako V. Bela Txapelketa jokatuko dute Zumaian. Kruzero modalitatean ariko dira eta proba Euskadiko txapelketarako puntuagarria izango da. Estropaden lehian, maila altuko 15 belaontzik parte hartuko dute eta 30 nabigazioko kruzero ere arituko dira lehian, 4-5 txandetan banatuta. Aurten, gainera, Bizkaiko ordezkari nabarmenek jokatuko dute Zumaiako estropada eta Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko norgehiagoka izango da. Gipuzkoako belaontzia, 'Zumaia Gipuzkoa 2010' deitua, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zumaiako Udalak lagundu dute diruz.

Larunbatean 9:00etan elkartuko dira parte-hartzaileak kirol portuan, eta egin beharreko egiaztapenak egin ondoren, 11:30ean aterako dira portutik. Gero, 13:00ean abiatuko da lehenengo txanda. Bigarrengoa 15:00retan hasiko da eta hirugarrengoa 17.00etan. Ondoren, 20:00etan itzuliko dira belaontziak portura. Igandean ere 13:00etan abiatuko da aurreneko norgehiagoka, eta oraingoan bi etapa egingo dituzte. 17:00etan portura itzuliko dira itsasontziak eta 18:00etan izango da sari-banaketa ekitaldia.

Txalupa txapelketa jarraitzeko

Larunbatean, maiatzaren 22an, kazetarientzako itsasontzia jarriko dute, argazkiak-eta ateratzeko. Bi aukera izango dira txalupa hori hartzeko. Bata, 13:00etan aterako da kirol portuan eta komeni da 12:45erako bertara azaltzea. Beste bidaia, berriz, 16:00retan eskainiko dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, ez da izango bidaia luzea, dibertigarria izango dela esan dute eta ildo horretatik animatzeko. Eskertuko genizueke zuen konfirmazioa, guztia ahalik eta ondoen koordinatu ahal izateko. Horretarako idatzi mezu bat komunikazioa@zumaiakoudala.net helbidera ostiral eguerdia baino lehen.