Giro onarekin ospatu zen Zuhaitz Eguna
Zuhaitz landare berriak landatzeaz gain, aurreko urteetan landatutako zuhaitzetan habi kutxak jarri ziren.
Zumaiako Udalak eskerrak eman nahi dizkie pasatu den larunbatean, martxoak 12, ospatu zen Zuhaitz Egunean parte hartu zutenei. Adin guztietako zumaiarren laguntzarekin, bertako zuhaitz espezieen landaketa egin zen. Modu berean, aurreko urteetan landatutako zuhaitzetan habi kutxak jarri ziren, Gipuzkoako Foru Aldundiko baso-zainaren azalpenak jarraituz.
Eguraldia lagun, eguerdiko 12:00etan 200 pertsona elkartu ziren Ignazio Zuloaga plazan. Trikitilariek ibilbidea girotu zuten, eta Foronda aldera abiatu ziren. Besteak beste, arteak, artelatzak, haritzak, urkiak, txorbeltzak, ametzak edo gereziak landatu ziren. Amaitzeko, indarrak berritzeko mokadutxoak banatu ziren.
Ingurumenaren alde lan egiteko orduan denon parte-hartzea ezinbestekoa da. Natura zaintzeko ahaleginak bultzatuz, larunbatean landatutako zuhaitzak luzaroan ikusteko aukera izango da.



