Gizarte helburua duten zazpi elkarteren artean banatuko du Udalak komentuko aterpetxearen kudeaketagatik jasotako dirua

2019/01/16
Darahli, Sarabastall elkartea (Flysch Trail), Beheko plaza elkartea, Gautena elkartea (Atozte programa), Malen Etxea, Nagusilan, eta Zumaiako Lourdesko ospitalitatea izango dira, hain zuzen, dohaintza hori jaso duten elkarteak. Aurten, txekeen banaketa egiteko ekitaldi bateratu bat egitea erabaki du Udalak, bide batez, elkarte horiek egiten duten lana balioan jartzeko asmoz. Ekitaldia ostiralean izango da, urtarrilaren 18an, 18:30ean Oxford aretoan.

2018an, Aste Santutik urriaren 15a bitarte, komentuko udal eraikinean kokatuta dagoen aterpetxean 4.253 erromesek pasa dute gaua. Kudeaketa lan guztiaz arduratzen da Erromesen bideko lagunen elkartea, eta hauek, boluntarioak izanik, jasotako diru sarreren zati bat herriko elkarteen artean banatzeko ematen diote Udalari.

Horiek horrela, San Jose komentuko aterpetxearen kudeaketagatik 9.000 euro jaso ditu aurten Udalak eta diru kopuru hori gizarte helburua duten honako zazpi elkarteen artean banatzea erabaki du: Darahli elkartearen bidez “Haizearen egia” film laburraren ekoizpenari, Sarabastall elkartea (Flysch Trail), Beheko plaza elkartea,  Gautena elkartea (Atozte programa),  Malen Etxea,  Nagusilan, eta Zumaiako Lourdesko ospitalitatea.  Lehen bi elkarteek 2.000 euroko dohaintza jaso dute eta besteek, aldiz, 1.000 eurokoa.

Aurten, txekeen banaketa egiteko ekitaldi bateratu bat egitea erabaki du Udalak, bide batez, elkarte horiek egiten duten lana balioan jartzeko asmoz. Ekitaldia ostiralean izango da, urtarrilaren 18an, 18:30ean Oxford aretoan eta bertan izango dira Oier Korta Zumaiako alkatea eta Fernando Imaz, Donejakue bideko lagunen elkarteko presidentea, elkarte onuradunekin batera. Zumaiako Udalak, zumaiarrak ekitaldi xume honetara gonbidatzen ditu, Zumaiaren alde lan egiten duten elkarte horiei esker ona adieraztera.