Gune Morea izango da santelmoetan, eraso matxistarik gabeko festak sustatzeko

2026/04/07

Eraso matxistak salatzeko, arreta emateko, protokolo feminista zabaltzeko zein gaiaren inguruko ekarpenak jasotzeko, Gune Morea ezarriko dute beste urte batez Saregile plazan, festetako gauetan. Mugimendu Feministak protokoloa ere prestatu du santelmoetarako; bihar emango dute horren berri.

Eraso matxisten aurkako erreferentziazko gune seguru bat izango da aurten ere santelmoetan. Zumaiako Udalak Mugimendu Feministarekin eta Emakumeon Etxearekin batera prestatu Gune Morea, eta zerbitzuaren bitartez, eraso matxistak salatu nahi dituztenek, protokolo feminista ezagutu nahi dutenek edo gaiaren inguruan esatekorik dutenek gune propio bat izango dute Saregile plazan. BiziBitxi zentroko hezitzaileek eskainiko dute zerbitzua, apirilaren 10, 11, 12, 17 eta 18an, Saregile plazan, 22:00etatik 01:00ak bitartean. Mugimendu Feministak, gainera, festetan indarkeria matxistari aurre egiteko protokolo berezitua prestatu du. Bihar emango dute horren berri, hilak 8, 18:30ean Ardantzabiden.

Eraso edo jarrera sexista, LGTBI+fobiko zein arrazistak jaso dituztenak, zein festa giroaren inguruko iritzi eta ekarpenak egin nahi dituztenak Gune Morera gerturatzera gonbidatu dituzte. Gainera, Gune Morean pegatinak, eskuorriak, txapak eta bestelakoak edukiko dituzte eskuragarri herritarrek. 

Festak aske bizitzeko guztion ardura ezinbestekoa dela nabarmendu nahi du Zumaiako Udalak. Zentzu horretan, herritar guztiei eraso matxisten aurrean, konplizitateak alde batera utzi, eta arduraz eta konpromisoz jokatzeko eskaera egiten die. Azkenik, Zumaiako Udalak gogorarazi du Udaltzaingoa gau osoko txandak egiten arituko dela santelmoetan, eta beharrezko jotzen denetan, bertara (Udaltzaingoa: 943 14 32 32) edo larrialdi zerbitzuetara (112) deitu daitekeela azaldu du.

Kontsumo arduratsua sustatzeko kanpaina ere martxan

Indarkeria matxistaren aurkako prebentzio neurriak hartzeaz gain, Zumaiako Udalak nerabeek alkoholaren kontsumo arduratsua egin dezaten kanpaina jarriko du martxan santelmoetako bi larunbatetan, AiLaket! elkartearen eskutik. Hain justu, elkarteko sei hezitatzaile Zumaiako kaleetan zehar ibiliko dira, kontzientziazio lanetan, santelmoetako bi zapatutan, 20:30etik 00:30ak bitarte.