Gurasoei ere Mintzalagun izateko gonbidapena

2010/03/15

Euskaraz hitz egiteko aukera gehiago sortzea helburu duen ekimena eskualdeko lau ikastetxetan jarriko dute martxan; horien artean baita Zumaiako Institutuan ere. Ekimena Aste Santuan ondoren hasi eta ekaina amaieran bukatuko da.

 

Urola Kostako Udal Elkarteak 'Mintzalagun Urola Kostan' ekimena jarri zuen martxan duela urtebete. Ekimenak arrakasta polita lortu du eta une honetan eskualdean 15 mintzatalde eta 50 pertsonatik gora ari dira parte hartzen (Zarautzen 10 talde, Getarian 2, Orion 2 eta Zumaian 2)..

Mintzalagun programaren helburua da euskaraz hitz egiteko aukera gehiago sortzea, hau da, euskaldunon arteko elkar ezagutza (euskaldun zaharrak eta berriak) bultzatzea eta hizkuntza gaitasuna eta erabiltzeko ohitura sustatzea. Horretarako, 3 edo 4 laguneko taldeak eratzen dira, euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak, eta astean behin elkartzen dira ordubetez, euskaraz egiteko.

Orain ekimen berri bat prestatu dute: 'Gurasoak Mintzalagun'. "Egunero, astelehenetik ostiralera, seme-alabak ikastetxean dauden bitartean edo irten ondoren ordu asko ematen ditugu elkarrekin, parkean, ikastetxeko patioan... Giro hori oso egokia da mintzalagun taldeak sortu eta euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak harremanetan jartzeko", azaldu dute ekimenaren antolatzaileek.

Ekimena eskualdeko lau ikastetxetan jarriko dute martxan: Zumaiako Institutuan, Orioko Zaragueta Herri Eskolan, Zarauzko Antonio Ikastetxean eta Zarauzko Orokieta Herri Eskolan. Aste Santu ondoren hasi eta ekaina amaieran bukatuko da. Ondoren, balorazioa egin eta hurrengo ikasturtean nahi duten eskualdeko ikastetxe guztietan jarriko dute programa martxan.

Izena emateko epea eta lekua

Izena emateko epea zabalik dago eta martxoaren 26an amaituko da. Gurasoei ikastetxeak bidaliko die parte-hartzeko gonbidapena eta kartelak jarriko dituzte. Izen-emate orria bete eta ikastetxeko Idazkaritzan aurkeztu behar da (edo bestela e-mail bidez edo telefonoz honako hauetara deitu edo idatzita: tel. 943130175, urolakosta@aek.org (Amaia Olazabal)

Taldeak 3 edo 4 lagunekoak izango dira. Taldeak eratzeko kontuan hartuko dira bakoitzak hautatutako egutegia (egun eta orduak) eta zaletasunak. Taldeak ikastetxe bakoitzeko gurasoekin eratuko dira. Taldeak martxan hasiko dira Aste Santuko oporren ondoren. "Astean behin ordubetez edo ordu eta erdiz elkartu eta euskaraz aritzeko konpromisoa eskatzen dugu. Taldeak dinamizatzailearen laguntza eta babesa izango ditu, hasieran nahiz taldea martxan dagoen epean".

Elkarlanean antolatua

Urola Kostako Udal Elkartea eskualdeko ikastetxeengana hurbildu da Gurasoak Mintzalagun programa bideratzeko. "Oso harrera ona egin diete ikastetxeek eta, beraz, eskerrak eman nahi dizkie, bereziki lehen saiakuntza honetan parte hartuko duten lau ikastetxeei." Mintzalagun Urola Kostan eta Gurasoak Mintzalagun programa Urola Kostako Udal Elkarteko Euskara Zerbitzuak antolatutako ekimenak dira, honako hauekin elkarlanean:

Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako Euskara Zerbitzuak
Zarauzko Udal Euskaltegia
Urola Kostako AEK
Zaragueta Herri Eskola
Orokieta Herri Eskola
Antoniano Ikastetxea
Zumaiako Institutua