Guztia prest I. Zumaiako Metal Topaketarako
Larunbatean eta igandean metaleko instrumentuak izango dira protagonista Zumaian. Ikasleentzako saioez gain, kontzertu ibiltariek alaituko dituzte kaleak.
Metaleko instrumentuak bultzatzeko egitasmoan, beste jauzi bat emango du Txori Txiki Musika Eskolak eta Udal Musika Patronatuak. Sofia Oria Musika Eskolako zuzendariak azaldu duenez, "iaz hasi genuen Zumaian metal instrumentuak bultzatzeko asmoa, eta bide horri jarraituz abiatu ditugu aurten Metal Topaketak”. Larunbatean eta igandean, metaleria izango da protagonista Zumaian eta eskolak jasotzearekin batera, emanaldiak eskainiko dituzte topaketetan parte hartuko dutenek.
Musika Eskolako zuzendariaren arabera, “Musika Eskoletako ikasle eta Banda desberdinetako partaideei dago zuzenduta ekimen hau eta hainbat helburu uztartuko dira: taldekako metal-eskolak, estilo eta joera desberdinetako ganbara taldeak, kontzertuak…”. Erabiliko dituzten instrumentuak, berriz, honakoak izango dira: tronpa, tronpeta, fliskornoa, tronboia, bonbardinoa eta tuba.
Hala, egitarauaren barnean hainbat ekimen izango dira. Oriak azaldu duenez, “goizez izena eman duten ikasleek klaseak izango dituzte irakasle desberdinekin, bai larunbatean eta baita igandean ere”. Saio horiez gain, kontzertu eta emanaldiak eskainiko dituzte topaketetako parte-hartzaileek.
Egitaraua honakoa izango da:
Maiatzak 1, larunbatea:
19.00tan, Beheko plazan Kontzertu Ibiltariari hasiera emango diote. Hor hasi eta Kofradian beste kontzertua eskainiko dute, ondoren, Amaiako plazan emango dute azkeneko emanaldia.
23.00etan, Itzurun tabernan Jazz kontzertua.
Maiatzak 2, igandea:
18.30ean, berriro ere Kontzertu Ibiltaria. Beheko plazan hasi, Kofradiara eta Amaia plazan bukatu. Hiru plazetan eskainiko dituzte kontzertuak.
II. Multimusikala Torreberri gaztetxean
Zumaiako I. Metal Topaketarekin batera, bihar bertan abiatuko da Torreberri Gaztetxean II. Multimusikala jaialdia. Hemendik eta maiatzaren 21era bitartean eskainiko dituzte kontzertuak.



