Haize zakarra dela-eta arretaz ibiltzeko eskatzen die Udalak herritarrei

2025/01/07

Euskalmeten eta Eusko Jaurlaritzaren gomendioak jarraitzea eskatzen die Udalak herritarrei. Zumaian, gaur arratsaldetik aurrera parolmuturreko bidea itxita egongo da, olatu handiak egongo direlako.

Gaur arratsalde hasieran hasi eta bihar iluntzera bitartean alerta egoeran egongo gara, haize zakarra espero delako. Hori horrela izanik, herritarrei zuzendutako zenbait gomendio zabaldu dituzte. Horiek bete eta arretaz ibiltzeko eskatzen die Zumaiako Udalak herritar guztiei.

Udalak, bere aldetik, halako egoeretarako aurreikusitako neurri guztiak jarri ditu martxan, Larrialdi Mahaia bildu ondotik. Hanakoak dira hartutako neurriak, besteak beste: obrak tarteko aldamioak, gruak eta bestelakoak jarri dituztenekin harremanetan jarri da azken egunotan, egitura horiek modu berezian heldu ditzaten eskatzeko; parolmuturreko bidea itxita egongo da alarma egoera indarrean dagoen bitartean; eta, alarma egoeraren aurretik zein gerora hartu beharreko neurriak martxan jaratzeko brigada, udaltzaingoa, lorezaintza zerbitzua eta UKUE -hondakinak eta edukiontziak kudeatzen dituen erakundea- koordinazioan daude dagoeneko.

Hona hemen Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren aholkuak, ondorio txarrik ez egoteko, edo ahalik eta gehien murrizteko:

HERRITARRENTZAKO GOMENDIOAK:

Etxeetan hartu beharreko prebentzioko neurriak:

  • Itxi ateak, eta finkatu leihoak eta olanak.
  • Kendu lorontziak eta kalera eror daitezkeen gauza guztiak.

Kalean bazaude:

  • Behar-beharrezkoa ez bada, ez joan mendira adierazitako ordu horietan, eta, joan behar baduzu, babes-neurri egokiak hartu.
  • Urrundu erlaitzetatik, hormetatik, zuhaitzetatik edo publizitate-hesietatik, eta kontu handiz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen aurrean bazaude.
  • Aldamioak, garabiak eta obrako bestelako elementuak saihestu

Bidaiaren bat egin behar baduzu:

  • Ahal bada, ez egin errepideko joan-etorririk, eta, edonola ere, aurrez neurriak hartu.
  • Informa zaitez joango zaren edo igaroko zaren aldeko meteorologia-baldintzei buruz

Itsasaldearekin lotutako neurriak:

  • Urrundu zaitez haize gogorrek eragin ditzaketen olatuen eta mareen eragina jasan dezaketen lekuetatik.
  • Ez erabili itsasontzirik, eta berrikusi horien amarrak.
  • Ez egin uretako kirolik

Larrialdietan, deitu 112 zenbakira. hartu beharreko neurriak:

Herritarren segurtasuna bermatzeko eta ondorio txarrak ekiditeko, beharrezkoa da egoera honetarako prestatutako prebentzio neurriak errespetatzea. Informazio eguneratua Euskalmet-en webgunean eta Twitterren aurki daiteke (@Euskalmet eta @112_SOSDeiak).