Haizeteengatik bertan behera gelditu dira Herri Lasterketa, Piraguismoko proba eta Outlet azoka
Herrizaingo sailak alerta gorria ezarri du haizete gogorrengatik eta bertan behera utzi dute kanpoan egitekoa zen eskolako kirola. Outlet azoka ere bertan behera uztea erabaki dute.
Haizeteengatik, bertan behera gelditu da asteburuan egitekoak ziren Zumaiako Herri Lasterketa eta Piraguismoko probak. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailak alerta gorria ezarri du haizete eta gurera iritsi litekeen ziklogenesiarengatik. Horren aurrean, bertan behera utzi dute kanpoan egitekoa zen eskolako kirola eta azoka edo antzerako ekitaldirik ez egiteko gomendatu dute. Astebururako antolatuta zegoen Outlet azoka ere bertan behera uztea erabaki dute.
Udaleko kirolen sailetik jakinarazi dutenez, udaberrian egingo da gaur bertan behera geratutako Herri Lasterketa, eta hurrengo asteetan jakinaraziko da data berria.
Iragarpenen arabera, unerik gogorrena larunbateko 15:00etatik igandeko 03:00etara izango da.
Zumaiako Udalak lotu egin ditu herrian dauden kontenedoreak eta obretan dauden eremuak ere errebisatu egin dituzte, kalteak ekidin ahal izateko.



