HAPOaren behin behineko onarpena eta txalupa zerbitzua Mugi sisteman sartzeko hitzarmena, apirileko ohiko udalbatzarrean

2026/04/28

Sei urteko prozesu parte hartzailearen ondoren, HAPOari behin behineko onarpena emango diote apirileko ohiko osoko bilkuran. Etxebizitzarena da HAPOak jasotako erronka nagusienetako bat: planean aurreikusitako 680 etxebizitza berrietatik %60a dira babestuak.

Beste zenbait gairen artean, HAPOaren behin behineko onarpena aztertuko dute ohiko osoko bilkuran etzi, apirilak 30. HAPOa idazteko sei urteko prozesuaren ondoren, Zumaiaren etorkizunerako funtsezko pausoa emango du Udalak behin behineko onarpenarekin.

HAPOa erraminta juridiko bat da, eta udalerriaren lurzoruen eta eraikinen erabilerak arautuko ditu; eskubide eta betebeharrak ezartzen ditu eta subjektu publiko eta pribatuak lotzen ditu. Udalerriko eremu eta alor ugari zeharkatuko ditu planak.

Udalerriaren egitura fisikoan (lurzoru eta eraikinak) esku hartzen badu ere, HAPO berriak udalerriaren ekonomia, gizarte eta ingurumen gaietan guztiz eragingo du. Zentzu horretan, honako gaiei eragiten die zuzenean: ingurune naturala, mugikortasuna, espazio publikoa, etxebizitza, jarduera ekonomikoa eta ekipamenduak. Gainera, zeharlerro moduan ondarea, turismoa, euskara, genero ikuspegia, jasangarritasuna eta inklusibitatea aztertzen ditu. 

Sei urteko prozesu parte hartzailea

HAPOa idazteko prozesua ez da hutsetik sortu. Hasieratik irekia eta parte-hartzailea izan da, eta herritarren, eragileen eta udaleko langileen ekarpenak jaso ditu. Prozesu horren emaitza da ohiko osoko udalbatzarrean onartuko dena.

Prozesuaren fase guztien inguruko informazioa hapo-zumaia.eus helbidean bildu da, eta urteotan guztiotan herritarrek atari horren bitartez jarraitu ahal izan dute prozesua. Arlos arlo planak proposatzen dituen neurriak ere webgune horretan kontsulta ditzakete herritarrek.

Etxebizitza, jarduera ekonomikoa, azpiegiturak

Erronka nagusi bati erantzuten dio planak: etxebizitzarena. Guztira, 863 etxebizitza aurreikusten dira planean; berriak, 680, eta horietatik %60 dira babestuak. Helburua argia da: herrian bizi nahi dutenek aukera erreala izatea.

Plana, ordea, ez da etxebizitzara mugatzen. Jarduera ekonomikoa sustatzeko lurzoru berriak aurreikusten dira, eta lehen sektorea ere kontuan hartu da. Aldi berean, espazio publikoak eta ekipamenduak hobetzea proposatzen da, herri kohesionatuagoa eta bizigarriagoa eraikitzeko. Azken batean, plan honek Zumaiaren etorkizuna modu orekatuan eta jasangarrian antolatzeko oinarriak ezartzen ditu.

Txalupa zerbitzua, Mugi sistemara

Kirol portua eta Txomin Agirre kaia lotzen dituen txalupa zerbitzua Mugi sisteman sartuko dela iragarri dute berriki Azahara Dominguez Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako (GGLA) presidenteak, Eluska Renedo GGLAko zuzendariak eta Iñaki Ostolaza alkateak. 

Zerbitzua martxan jartzeko hitzarmena aztertuko dute osteguneko osoko bilkuran. Behin hitzarmeneko testua onartuta, Mugi txartelarekin ordaindu ahal izateko makinak ezartzea besterik ez da faltako zerbitzua martxan jartzeko.

Euskotreni eskaera, mozio bidez

Mozio bat ere bada apirileko udalbatzarreko aztergaien artean. Udala Eusko Jaurlaritzari zuzenduko: Euskotrenek Gipuzkoako kostaldeko E1 linean ematen duen zerbitzua hobetzeko galdegingo diote. Horretarako, Zumaia eta Dononostia arteko tren zerbitzuan 30 minutuko maiztasuna ezarri dezatela eskatzen du mozioak, aste osoan eta urte osoan, horretarako beharrezko langile kontratazioak eginez.

> Ohiko osoko bilkura deialdia:
2026/04/30