Has dadila Zumaiako 34. Musika Jaialdia!

2018/07/27

Uztailaren 30etik abuztuaren 11 arte, musika klasikoa ardatz, dantza, zinea, ipuin kontalariak edota musika estilo ezberdinak uztartuko dituen emanaldiak eskainiko dira herritarren gozamenerako. Aurtengo jaialdian, azpimarragarriak dira, besteak beste, abuztuaren 3an Jose Maria Beobide zumaiarra omentzeko eskainiko den organo kontzertua edota hilaren 5ean, Alzheimerra duten pertsonen eta haien senitartekoen alde Sapere Aude Sinfoniettak eskainiko duen emanaldia.

Hemen dugu berriro, urtero bezala, Zumaiako Musika Jaialdia, herriko kaleak girotu eta alaitzeko prest. Aurtengoa jaialdiaren 34. edizioa izango da eta datorren astelehenetik hasita abuztuaren 11 arte, ekitaldi desberdin ugari eskainiko dira herritarren gozamenerako.

Musika Jaialdia uda sasoiko ikur bilakatu da, urteen poderioz udako agenda eta egitarauaren ekimen garrantzitsuenetarikoa bilakatu baita. Urtero bezala, nazioarte mailako musikari onenek parte hartuko dute eta musika klasikoa ardatz hartuta, dantza, zinea, ipuin kontalariak edota beste musika estiloetako doinuak uztartuko dituzte.  

Aurtengo egitarauaren baitan, aipagarriak da, esate baterako abuztuaren 3an, Jose Maria Beobide zumaiarra oroitu eta omentzeko antolatutako organo kontzertua.  Beobide Zumaian jaio zen 1882an baina ia bizitza gehiena kanpoan eman zuen bere ibilbide musikala garatzen. Agian horregatik gaur egun ez da hain ezaguna herrian eta hori da hain zuzen eskainiko den kontzertuaren xedea: Beobideren ibilbidea, talentua eta bereziki bere musika aurkeztu eta ezagutaraztea, alegia.

Halaber, azpimarragarria da ere Sapere Aude Sinfoniettak abuztuaren 5ean Alzheimerra duten pertsonen eta haien senitartekoen alde eskainiko duen emanaldia. Izan ere, behin antolakuntza guztiak estalita, sarreren salmentatik edo norbanako zein taldeen dohaintzetatik jasotako diru guztia AFAGI elkartera bideratuko da, esan bezala, aipatu pertsonei laguntzeko xedez.

Edonola ere, bi ekitaldi horiez haratago, azpimarragarria da, urtero Musika Jaialdiak eskaintzen dituen emanaldien kalitatea. Aurtengoan, esaterako, besteak beste, dantza ekitaldien artean, 2018ko kale ikuskizun onenaren saria (Max saria) jaso duen emanaldia izango dugu, “Meeting Point” deiturikoa.

Horrez gain, Donostiako Musika Hamabostaldiarekin elkarlanean 3 emanaldi eskainiko dira Zumaian: haurrentzako bi  abuztuaren 3an eta azkena La Galanía taldearena, hilaren 8an.

Datozen egunotan, beraz, Zumaiak kalitatezko musikarien doinu leun eta atseginez gozatzeko aukera eskainiko digu, adin eta gustu guztientzako emanaldiekin.

Has dadila, Musika Jaialdia!

Jaialdiko egitarau osoa hemen