Hasi dira Oikiako eskola berria eraikitzeko lanak

2018/09/26

Eusko Jaurlaritzak 1.627.421€ bideratu ditu eraikuntza lanetara eta 2019a amaitu aurretik bukatuta izatea aurreikusi du. Eraikin berriaren helburua da bertako haur zein irakasleen beharrak asebete eta egungo azpiegiturak hobetzea.

Urteetako itxaronaldi eta lanaren ostean, heldu dira azkenean lehen garabiak Oikiara eta horrekin batera, jada guztia dago prest, eskola berriaren eraikuntza lanekin hasteko.

Prozesua, ordea, luzea izan da eta oikiarrek urte ugari egin dituzte eraikin berriaren zain. Izan ere, azken bi legealdietan lurren adjudikazio kontuekin izandako gorabeherak medio, eskola berria gauzatzeko prozesuak nahi baino luzeago jo du denboran.

Edonola ere, Udalera sartu orduko, egungo udal gobernuak lehentasuna eta abiadura eman nahi izan dio proiektuari eta lan ardatza Zumaiako eta kasu honetan, Oikiako haur eta gazteen hezkuntzari bultzada ematean jarrita, 2017an, hezkuntzarako beste hainbat inbertsioren artean, 1.627.421€ lortu zituen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik Oikiako eskola berria eraikitzeko.

Horri esker, Jaurlaritzak jada ekin die eraikuntza lanei eta urtebeteko epean amaituta izatea aurreikusi du, hau da, eskola berria 2019-2020ko ikasturterako zabalik egotea espero da. Eba eraikuntzak enpresa izango da lanak aurrera eramatearen arduraduna.  

Ildo horretan, Udala oso kontentu azaldu da  eraikin berriak, “Oikiako haur eta irakasleen beharrak asebete eta egungo azpiegiturak hobetzeaz gain, auzoaren izaera eta autonomia areagotuko duelako eta, gainera, eskola txikiari bultzada eman eta Oikia biziberritzen lagunduko duelako”.

Eraikin berriaren ezaugarriak:

Eskola berria solairu bakarrean eraikiko da eta 733m2ko azalera izango du. Eraikinaren baitan bost gela egongo dira: 2 urtekoa, erabilera anitzekoa, talde txikientzako gela eta beste bi gela arrunt. Horrez gain, liburutegia eta jangela izango ditu, baita 112m2ko aterpea ere.