Haurren udako egonaldien dirulaguntza eskaerak egiteko epea ireki du Udal Elkarteak
Gerra edo larrialdi egoeran dauden herrialdeetako haurrak udan egonaldia egiteko ekartzen dituzten Udal Elkarteko udalerrietako irabazi asmorik gabeko elkarteentzat da deialdia. Eskaerak aurkezteko azken eguna ekainaren 30ean izango da.
Urola Kostako Udal Elkarteak dirulaguntzak ematea onartu du gerra edo larrialdi egoeran dauden herrialdeetako haurrak udan egonaldia egiteko ekartzen dituzten Udal Elkarteko udalerrietako (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako) irabazi asmorik gabeko elkarteentzat eta, egoitza Udal Elkartean ez izan arren, haurrak Urola Kostako eskualdera ekartzen dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteentzat.
Dirulaguntza deialdi horrekin Udal Elkarteak egoera horietan dauden herrialdeetako haurrak udan gure eskualdera ekartzea sustatu nahi du. Egonaldi horiek bi helburu nagusi izaten dituzte:
- Alde batetik, herrialde horien egoera latza ezagutaraztea eta gure gizarte sentsibilizatzea
- Beste alde batetik, gurera etortzen diren haurren osasun egoera zaindu eta onera egitea
Diru-laguntza deialdi horretarako 18.500,00 euro ditu Udal Elkarteak.
Dirulaguntzaren deialdia eta oinarriak maiatzaren 15ean onartu zituen Udal Elkarteak eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu berri dira (maiatzaren 30ean). Egitasmoak aurkezteko epea 30 egunekoa da, argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, eta, beraz, eskaerak aurkezteko azken eguna ekainaren 30a da.
Dirulaguntza eskaera egiteko hainbat agiri aurkeztu behar dira: elkarteari buruzko agiriak, egitasmoa, aurrekontua...
Argibideak edo oinarriak eskura daude Urola Kostako Udal Elkartearen web orrian. Bestela, Udal Elkartera ere jo daiteke:
Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea 6, 20800 Zarautz
Tel. 943 89 08 08
E-maila: idazkaritza@urolakosta.org
2006tik 2013ra etorritako haurrak
Haurren egonaldiak ekainean hasi eta irailean amaitzen dira eta bi hilabete ingurukoak izan ohi dira.
2006tik 2013ra bitarteko egonaldietan orotara 260 haur etorri dira gure eskualdeko familietara. Honako leku hauetatik etorri dira:
- - Mendebaldeko Saharatik, Tinduffeko kanpamenduetatik
- - Chernobil inguruko herrietatik: Ucrania-ko herrietatik (Irpen, Ivankiv...), 3. graduko erradiazioko eremuetatik
- - Errusiako umezurztegietatik
Urte horietan hainbat elkartek eskuratu dituzte dirulaguntzak: Saharautz Taldea, Chernobilen Lagunak, Bikarte Ongintza Elkartea, Txernobil Elkartea...
Urola Kostako Udal Elkarteak elkarte horien lana eskertu eta goraipatu nahi du, izan ere, borondatezko lana egiten dute. Era berean, eskerrak eman nahi dizkie haurrak etxean hartzen dituzten familiei, erakusten duten elkartasun eta egiten duten ahaleginarengatik.
Deia eskualdeko familiei
Bide beretik, Udal Elkarteak eskualdeko familiei dei egiten die adibide horri jarraitu eta esperientzia horretan parte har dezaten.
Interesa izanez gero, jarri Urola Kostako Udal Elkartearekin harremanetan (Tel. 943890808), elkarte horiekin harremanetan jarri ahal izateko.



